Itxi

EITB TALDEA

Kritiken aurrean

EiTBko zuzendaritzak langileen profesionaltasuna babestu du

Erredakzioa

EiTBko zuzendaritzak mezua kaleratu du, Iñaki Oyarzabalen gaitzespenei erantzunez, PPko legebiltzarkideak profesionalei "terrorismoa deslegitimatzeko nahikoa ez egitea" leporatu eta gero.

  • EiTBk Bilbon duen egoitza. Argazkia: EiTB

EiTBko zuzendaritzak langileen profesionaltasuna babestu eta bermatu du, astelehen honetan Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak egindako kritiken aurrean, legebiltzarkide popularrak terrorismoa ez deslegitimatzea leporatu ostean.

Ohar baten bidez, eta kritika horien aurrean, EiTBko zuzendaritzak honako mezua kaleratu du: "Urte luzez ETAk mehatxupean eta erasopean izan ditu EiTB eta bere profesionalak. Gogora dezagun bonba-kotxe bat ere leherrarazi zuela EiTBren egoitzaren kontra. Giro horretan ere, lerro editorialak tinko jarraitu du balio demokratikoen alde, giza eskubideen alde, elkarbizitza baketsuaren alde eta biolentzia mota guztien aurka".

Zuzendaritzaren hitzetan, "euskal gizarteak ondo ezagutzen du EiTBko profesionalen lana, baita zein balore defenditzen dituen". "EiTBko albistegiak Euskadiko ikusienak dira, eta datu horrek ageriko bilakatzen du euskal gizarteak EiTBko profesionalen lanari eskaintzen dion konfiantza eta atxikimendua", gaineratu du.

Oyarzabalen kritikak

Atzo Legebiltzarrean egindako batzarrean, Oyarzabalek EiTBko zuzendaritzaren eta profesionalen jarrera "koldarra" kritikatu zuen, "ETAren terrorismoaren aurrean isilik egon zirenei eta haien konplizeei jarrera aurpegiratzeko".

Gaur, PPko buruzagiak bere hitzak zuzendu ditu, eta "hitz potolo horiek erabiltzea akatsa" izan zela azaldu du. "Ez zait oker nengoela esatea kostatzen, zuzendaritzari buruz hitz egin nahi nuen, terrorismoaren deslegitimazioan gehiago egin dezakeela uste dudalako", adierazi du.