Itxi

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_klima

Berotze globalean jarriko du fokua EITBren aurtengo lehen #EKIN_klima kanpainak

EITB Media

Lur planetako tenperaturaren igoerari aurre egiteko egunaren karietara, gai honen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko edukiak landuko dituzte EITBko hedabideek.

  • #EKIN_klima

    #EKIN_klima

Urtarrilaren 28an berotze globalari aurre egiteko nazioarteko eguna dela eta, gaia lantzeko ahalegin berezia egingo dute EITBko hedabideek datozen egunetan, klima aldaketaren erronkari aurre egitea helburu duen #EKIN_klima kontzientziazio kanpainaren bitartez. EITBren izaerarekin bat datorren konpromiso sozialaren baitan kokatzen da klimaren kausa ikusgarri egitea. 

Berotegi efektuko gasen eraginez Lur planetako tenperatura gorantz doa. Isurtzen ditugun gas horiek zeintzuk diren eta ingurumenean duten inpaktua aztertuko du "Eguraldia" saioko lantaldeak. Horrekin batera azalduko dute 2021eko Glasgowko goi-bileran zehaztutako Net-Zero helburua zer den, eta energia berriztagarriek datozen urteetan Euskal Herrian zein eragin izango duten. Eduki hauek "Eguraldia" saioan ez ezik, "Egun On Euskadi" goizeko albistegian jorratuko dituzte ostiral honetan. Bestalde, astelehenean, Arnaitz Fernandez "Hitzokei" saioan egongo da, asteburuan Andorran egindako meteorologoen topaketan parte hartu ostean. 

Berotze globalean jarriko dute fokoa baita ere EITBko hedabideetako beste albistegi eta programek eta eitb.eus web atariak egunotan; gure egunerokotasunean duen eraginaz mintzatuko dira zenbait aditurekin. Halaber, eduki berezi horiek sare sozialen bitartez zabalduko dira. Helburua izango da herritarrak kausa horren inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. 

EITBk Euskal Herriaren gizarte-transformazioa bultzatu nahi du, alegia, euskal gizartea kezkatzen duten gaietan inplikatu. Gizakiaren jardueraren eraginez klima-sisteman gertatzen ari den transformazioari erreparatzea, eta gertaera horien aurrean ekiteko premia azpimarratuko du berriz ere #EKIN_klima kanpainak.