Itxi

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_klima

"Faktoria" eta "Boulevard" bereziak, Glasgowko goi-bileraren bukaeran

EITB Media

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioa Txingudiko Ekoetxeatik emitituko dute, eta "Norteko Ferrokarrila" programak 25. urteurrena ospatuko du. Radio Euskadiko "Boulevard" albistegia, berriz, Glasgown izango da.

  • Irratietako mikrofonoaren irudia, kalean

    Euskadi Irratia eta Radio Euskadi, kalean. EITB Media

#EKIN_klima kanpainaren baitan, eta Glasgowko goi-bileraren bukaeraren harira, Euskadiko Irratiko "Faktoria" eta Radio Euskadiko "Boulevard" saio bereziak egingo dituzte ostiral honetan. Zehazki, "Faktoria" saioa Txingudiko Ekoetxeatik emitituko dute, eta arretaz eta zuzenean emango du berri Glasgowtik, bidali berezien eskutik. Halaber, "Boulevard" albistegiak ere Eskoziako hirian gertatzen dena jazoko du, Xabier García Ramsdem aurkezlea bertan dutela. Azaroaren 1etik COP26 goi-bileraren jarraipen zabala ari da egiten EITB, eta hainbat bidali berezi ditu bertan, tartean Lander Eizagirre eta Mikel Rotaetxe (Euskadi Irratia) eta María Suárez eta Iñaki Larrañaga (Radio Euskadi).

Euskadi Irratia, Txingudiko Ekoetxean

Euskadi Irratiko "Faktoriak" saio berezia egingo du ostiral honetan, kalean, kasu honetan Txingudiko Ekoetxean.

Nola ere, Glasgowko azken orduari begiratuko diote, Mikel Rotaetxe eta Lander Eizagirre bidali bereziekin; eta Txinguditik, berriz, 2050eko egoera nolakoa izan daiteken aztertuko du gainerako lantaldeak. Zein izango da egoera 2050ean? Nor ari da une honetan aitzindari izaten eta non daude erresistentziak?

Horrez gain, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Ingurumen sailburuarekin hitz egingo dute, Legebiltzarretik; eta solasaldian, berriz, honako hauek izango dituzte: Nuria Lopez de Gereñu ingeniaria, Xabier Aierdi soziologoa, Lorea Flores Greenpeaceko kidea, Izaro Basurko ingurumen-zientzialaria, eta Ximun Lastiri Bizi elkarteko kidea. Garraio publikoari buruzko erreportajea ekarriko digute, eta larrialdi klimatikoa gazteen ikuspegitik ere aztertuko dute.

Ostirala, gainera, egun berezia izango da Euskadi Irratiko "Norteko Ferrokarrila" saioarentzat; izan ere, 25. urteurrena ospatuko du, Txingudiko Ekoetxean bertan egingo duten saio bereziki batekin. Zientzia eta teknikari buruzko saioa da "Norteko Ferrokarrila", Gillermo Roak aurkeztuta, Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean. Ostiraletan izan ohi da entzungai, 21:00etatik 22:00etara; eta larunbatetan 15:00etan.

"Boulevard" berezia Glasgowtik, eta begirada gure ekosisteman jarrita

COP26 goi-bileraren bukaeran, Xabier García Ramsden, María Suarez eta Iñaki Larrañaga kazetariek bertatik bertara kontatuko digute Klimaren Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren itxiera, Glasgowko kaleetatik.

Bilboko estudioetan, berriz, gure ekosistemari begiratuko diote bereziki. Hainbat ikerketaren arabera, 2050erako arrainak baino plastiko gehiago egongo da gure itsaso eta ozeanoetan. Egoera horren aurrean, "Boulevard"ek ere bere ekarpena egin nahi izan du, eta Arrigunaga hondartzan plastikoak batzeko ekimena antolatu du, herritarrei irekita. Hala, 09:00etatik 12:00etara egongo dira bertan, Aixerrota institutuko ikasleekin, Getxo Rugby Taldeko hainbat jokalarirekin eta Unai Basurko nabigatzailearekin.

"Boulevard" berezia saioko mikrofonoetan Juan López de Uralde Unidas Podemos koalizioko diputatua izango dute; Kongresuan Trantsizio Ekologikoko Batzordeko presidentea da López de Uralde.

Horrez gain, Hodei Arrausirekin ere hitz egingo dute, Amaia Larruzea eta Amane Iglesiasekin batera Bilbo eta Glasgow artean bizikletan, trenean eta ferryan egindako bidaiaren inguruan.

Etorkizunari begira ere jarriko dira ostiral honetako saioan, eta 2050ean Euskadi nolakoa izango den marrazten saiatuko dira, klima aldaketaren ondorioak gelditzen ez baditugu behintzat. Horretarako Iruñera joko du, eta sagar-arbolen landaketa batean ere izango dira Villabonan.

Urdaibain ere egongo dira, AZTIrekin batera itsas mailaren igoerak izan ditzakeen ondorioak aztertzeko; eta Salburuako Ataria Interpretazio Zentroa ere bisitatuko dute.

#EKIN_klima kanpaina

EITBk bat egin du larrialdi klimatikoaren gaiarekin, azaroaren 12ra bitartean Glasgown egiten ari diren goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat abiatu du EITBk #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.

eitb.eus/klima webgune berezia jarri da martxan, #EKIN_klima ekimenaren inguruko eduki guztiekin eta Glasgowko goi bileraren informazioarekin.

#EKIN_klima

#EKIN_klima

#EKIN

Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena. Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.