#EKIN_KLIMA
#EKIN_klima
Zerbait egiteko azken aukera
Hodei Arrausi | EITB Media
Geure buruari klima aldaketari buruzko zenbait galdera eginez bidaiatuko dugu Bilbotik Glasgowra. Bidean hamarkada erabakigarri honetako erronka nagusientzat erantzunak bilatzen ari diren pertsonekin egingo dugu topo.
-
Hodei Arrausi, Amaia Larruzea eta Amane Iglesias Glasgown izango dira. Argazkia: EITB Media
Hamarkada honetako gaia da. Ondorioen garaia da.
Larrialdi klimatikoa. Trantsizio energetikoa. Deskarbonizazioa. Garraioa, elikadura, biodibertsitatea. Justizia soziala. Zenbakiak, datuak eta helburuak. Hori izango du ardatz Glasgowko goi-bilerak. Zerbait egiteko azken aukera.
Gaia erraldoia da. Konplexua. Zeharkakoa. Gizakiarentzat agertoki suntsitzaileena ekidin nahi bada, hau da hamarkada honetako gaia. Hori dio zientziak. Eta nabari da.
Baina, mende erdiz ikertu ondoren eta gauza beraren inguruan ohartarazi ondoren, epe barruan al gaude? Eta, batez ere, zeri buruz ari gara benetan? Helburu teknologiko baten aurrean al gaude soilik? Gasolina eguzki plakengatik ordezkatzea nahikoa izango al da?
Zer ideiek ekarri gaituzte itzulerarik ez duen puntu honetara? Ideia horiek aldatu al ditzakegu?
Politika arlotik, zientziatik eta gizartetik gero eta ozenago heltzen ari zaizkigun ohartarazpenak entzun eta gero abiatuko da bidaia hau. Ez gaude salto teknologiko baten aurrean (soilik). Hau ez da berriztagarriak bultzatzea, CO2a murriztea eta gure eguneroko bizitzarekin jarraitzea.
Badakigu isurtzen ditugun CO2 tonak nondik sortzen diren. Badakigu zerk jartzen dituen kinka larrian ekosistemak. Badakigu ekoizteko eta kontsumitzeko zer moduk ekarri gaituen hona.
Eta hamarkada hauetan ezerk eragina izan badu, hori mugikortasuna izan da. Azken mende erdian bizkortu egin gara. Erregai fosil merkeek "turbokapitalismoa" izenaz ezagutzen dena mantentzea ekarri zuten. Globalizazio bizkorra bizirik mantentzen gaituen planetaren muga biofisikoen aurka.
Hori dela eta, Glasgowko goi-bilerara geldoago joango gara. Batzuetan bizikletaz. Beste batzuetan trenez. Eta zenbait gauza ulertzen lagunduko diguten berriemaile talde baten laguntzarekin.
Geure buruari zenbait galdera eginez bidaiatuko dugu Bilbotik Glasgowra. Bidean hamarkada erabakigarri honetako erronka nagusientzat erantzunak bilatzen ari diren pertsonekin egingo dugu topo.