#EKIN_KLIMA
EKIN_klima
"Eguraldia" saioko lantaldea kalean izan da ostiral honetan klima-aldaketaren inguruko zalantzak biltzeko
EITB Media
Durangon egongo dira, Ezkurdi plazan. Han klima-aldaketaren inguruan herritarrek dituzten zalantzak jaso dituzte, iruditan; ondoren, eguneroko saioan horiei erantzuna ematen saiatuko dira, adituen laguntzarekin.
"Eguraldia" saioko lantaldea kalera irten da ostiral honetan, klima-aldaketaren inguruan herritarrek dituzten zalantzak iruditan jasotzeko. Larrialdi klimatikoaren aurrean eta Glasgowko COP26 goi-bileraren harira EITBk martxan jarri duen #EKIN_klima kanpainaren baitan egingo dute ekimena.
ETBn eguraldiaren informazioa jorratzen duen lantaldea, Ana Urrutia, Andoni Aizpuru eta June Ansoleaga buru direla, Durangon izan dira, Ezkurdi plazan.
Herritarrekin aurrez aurre hitz egitea izan dute helburu, aldaketa klimatikoak euren bizitzan izan dezakeen eraginaz dituzten kezkak lehen eskutik jasotzeko. Glasgowko goi bilerak dirauen egunetan, telebistan ikusiko ditugu herritarrak galderak egiten eta adituak zalantza horiek argitzen.
Aldaketa klimatikoaren gaia adi jarraitzen du urte osoan "Eguraldia" saioak; eta, nola ez, COP26aren harira, protagonismo berezia hartuko du. Horri lotuta, "Eguraldia" saioan ekimen ezberdinak egingo dituzte, tartean Salbatu zure bazter kutunena larrialdi klimatikotik izenekoa ere. Bertan, beren txoko gogokoenen argazkiak bidaltzeko deia egin diote audientziari. Irudi horiek azaroaren 5etik aurrera EITBko Bilboko egoitzaren fatxadan egingo den bideo mapping proiekzioan erabiliko dira. #EKIN_klima kanpainentzat sortutako irudiak eta "Natura Bizia" saioko irudi ikusgarriak ere erabiliko dituzte proiekzio horretan.
#EKIN_klima
EITBk bat egingo du larrialdi klimatikoaren gaiarekin udazken honetan, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgowko goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat egingo du #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.
Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena. Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.
Asteburu honetatik aurrera, eta Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, kanpaina handia abiatuko du EITBk, Glasgowko goi bileraren harira: kalean zein bizikletan ekimenak, dokumentalak eta film laburrak, saio berrien estreinaldiak, programa bereziak, eta bideo mapping-a ere Bilboko egoitzaren fatxadan, dena #EKIN_klima leloa eta etiketa erabilita.
eitb.eus-ek webgune berezi bat du Glasgowko goi bileraren eta EITBren ekimenaren inguruko informazio eta eduki guztiekin: eitb.eus/klima.