#EKIN_KLIMA
EKIN_klima
Larrialdi klimatikoaren kontra ekitera deitu du EITBk euskal gizartea
EITB Media
Glasgowko goi bileraren harira (COP26), komunikazio kanpaina berezia eta ekimen ezberdinak egingo ditu bere hedabide guztietan. #EKIN_klima leloa eta etiketa erabiliz, larrialdi klimatikoaren aurrean ekiteko beharraz ohartarazi nahi du EITBk euskal gizartea.
EITBk bat egingo du larrialdi klimatikoaren gaiarekin udazken honetan, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgowko goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat egingo du #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.
Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena.
Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.
Asteburu honetatik aurrera, eta Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, kanpaina handia abiatuko du EITBk, Glasgowko goi bileraren harira: kalean zein bizikletan ekimenak, dokumentalak eta film laburrak, saio berrien estreinaldiak, programa bereziak, eta bideo mapping-a ere Bilboko egoitzaren fatxadan, dena #EKIN_klima leloa eta etiketa erabilita.
Izan ere, EITBk jarraipen zabala egingo dio Glasgowko goi bilerari telebista eta irratiko albistegi eta saioetan, baita Interneten ere. Bidali bereziak izango ditu biltzarrean eta Hodei Arrausi kazetariak Glasgowra bidaia egingo du bizikletaz "0" isurketa leloa izango duen ekimenaren baitan. Urriaren 30an EITBren egoitzatik abiatuko da eta azaroaren 10ean helduko da Glasgowra. Egun horretan bertan, Radio Euskadiko "Boulevard" saioak bertan jarriko du begirada, eta azaroaren 12ko Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegia ere estudiotik kanpo egingo dute. "Gaur Egun", "Teleberri" eta "Eguraldia" kalera irtengo dira, eta Urdaibaitik egingo dira goi bileraren azken txanparekin bat eginez.
Biltzarra hasi aurretik ere aldaketa klimatikoari erreparatuko diete EITBko hedabide guztiek. Honela bada, ETB2k "El Cambio" saio berria estreinatuko du Angels Barcelók aurkeztuta. Larrialdi klimatikoaren ondorioak leuntzeko neurriak hartu ezean, Euskadin biziko ditugun aldaketak aztertuko ditu.
Horrez gainera, aldaketa klimatikoaren ondorioen inguruan gizartea ohartarazteko zenbait dokumental izango dira ikusgai ETB1en, ETB2n eta ETB3n. Berebat, urriaren 24tik aurrera, informazio tarte laburrak eskainiko dira Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian kausari aurre egiteko jarraibide eta ekintzekin.
Bestalde, urriaren 22an "Eguraldia" saioa kalera irtengo da herritarrek aldaketa klimatikoak euren bizitzan izan dezakeen eraginaz dituzten kezkak lehen eskutik jasotzeko.
"Eguraldia" Durangon
Aldaketa klimatikoaren gaia adi jarraitzen du urte osoan "Eguraldia" saioak, eta, nola ez, COP26aren harira, protagonismo berezia hartuko du egunotan. EITBk denboraldi honetan kalera irteteko egin duen apustuaren baitan, ETBn eguraldiaren informazioa jorratzen duen lantaldea, Ana Urrutia, Andoni Aizpuru eta June Ansoleaga buru direla, Durangon izango dira urriaren 22an, Ezkurdi plazan, 13:00tatik 19:00etara.
Herritarrekin aurrez aurre hitz egitea izango dute helburu, aldaketa klimatikoak euren bizitzan izan dezakeen eraginaz dituzten kezkak lehen eskutik jasotzeko. Glasgowko goi bilerak dirauen 12 egunetan, telebistan ikusiko ditugu herritarrak galderak egiten eta adituak zalantza horiek argitzen.
Dokumentalak eta film laburrak ETBn
Datozen asteotan ETBko programazioak bat egingo du larrialdi klimatikoarekin, eta herritarrak gaiaz ohartarazteko dokumentalak eta saioak eskainiko ditu. Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, urriaren 24an hasiko da programazio berezia, eta bertoko lanak, nazioarteko dokumentalak eta haur eta gazteei zuzendutako dokumental saila ere eskainiko dira.
Zehazki, igandean bertan, Egia deseroso bat, Itsaso harrotik, Amestu etorkizuna: Ozeanoak eta Planetaren Defendatzaileak lanak ikusteko aukera izango da ETB1en, ETB2n eta ETB3n.
Egia deseroso bat (An inconvenient truth) lanak Al Gore Estatu Batuetako presidenteorde ohiaren kanpaina jorratzen du, herritarrak berotze globalari buruz hezteko. ETB2n 09:40an eta ETB1en 23:55ean eskainiko da igande honetan. Aste hauetan zehar haren jarraipena den Ondorio deseroso bat: egia boterera (An inconvenient sequel: Truth to power) dokumentala eskainiko da Euskal Telebistan. Arazo global honen aurka borrokatzeko eraikitako aurrerapena eta munduko liderrek energia berriztagarrian inberti dezaten konbentzitzeko Gorek egindako ahaleginak jorratzen ditu ikus-entzunezkoak.
Igandeko proposamenen artean daude, baita ere, Itsaso harrotik (From the wild sea) (ETB2n, 11:00 inguruan), gizakiaren eta naturaren arteko talka konplexura hurbiltzen gaituen ikus-entzunezkoa; Amestu etorkizuna: Ozeanoak (ETB1, 15:00etan); eta Planetaren defendatzaileak, gazteei zuzendutako sei ataleko lana ETB3n, ingurumenaren aldeko borrokalari handien dozena erdi istorio eskaintzen dizkiguna. Urriaren 24an atal guztiak eskainiko dira, 16:30ean; eta hortik aurrera egunero atalez atal ikusteko aukera izango da.
Azaroaren 12ra arte honako lan hauek ere izango dira ikusgai: Bihar (Demain), bost kontinenteetan barrena ideia berrien eta gauzak egiteko moduak aldatzen ari diren pertsona berritzaileen bila bidaia egiten duen lana; Lotsa (Vergüenza) gure bizimoduak ingurumenean eta, ondorioz, ozeanoen egungo egoeran duen eraginari buruz kontzientzia handiagoa hartzeko deia egiteko asmoa duen lana; BBCk ekoiztutako Plastikotan itotzen (Drowning in plastic) lan saritua, plastikoak naturan dituen ondorioak iraultzeko borrokan, munduko biologo eta itsas aktibista nagusien azken ikerketak erakusten dizkiguna; eta Arriskuan dauden hiriak dokumental sortako hainbat atal, tartean New York, Amsterdam eta Veneziari buruzkoak.
Bestalde, Bihar: Elegir el mañana film laburra izango da ikusgai ETB2n urriaren 29an. BBK-k bultzatutako ekoizpenak iraunkortasunean oinarritutako jarrerak hartzearen garrantziaz hausnartzeko deia egingo die herritarrei.
Irratiak Glasgowra begira
Urriaren 24tik aurrera, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak informazio tarte laburrak eskainiko dituzte, aldaketa klimatikoari aurre egiteko jarraibide eta ekintzen inguruan. Herritar anonimoek eta jende ezagunak euren egunerokoan egiten dute ekarpena zein den azalduko dute.
"El Cambio" saioaren estreinaldia
Urriaren 27an "El Cambio" programa estreinatuko da ETB2n Angels Barceló kazetariaren eskutik. Larrialdi klimatikoaren ondorioak leuntzeko neurriak hartu ezean, Euskadin biziko ditugun aldaketak aztertuko dituzte bertan. Aldaketa klimatikoak gure eguneroko bizitzaren alor guztietan eragin dezake: ekonomian, teknologian, bizitza-luzeran, osasunean, elikaduran eta baliabideetan. Saioaren atal bakoitzean aldaketa klimatikoak alor ezberdinetan izango dituen ondorioak aztertuko dituzte adituek. Horren aurrean, zer egin daitekeen eta hartu beharreko neurriak zeintzuk diren azalduko dute.
"Natura Bizia", ETB2n
ETB1en ikusgai izan ondoren, ETB2n estreinatuko da euskal biodibertsitatea ardatz duen Alberto Iñurrategik aurkeztutako dokumental saila. Aretxabaletako mendizalearen eskutik, gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutuko ditugu. Euskadiko eta Nafarroako eremu geografikoetan lanean diharduten espezialista onenen laguntza izango du horretarako. Zortzi ataletan zehar, ikus-entzunezko lan honek Euskal Herriko inguru natural harrigarrienak aztertuko ditu. Kantauri itsasoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara, gure fauna beren egoera basatian ikusiko dute, biodibertsitatea zaintzeko borrokan ari direnak ezagutuko dituzte eta inguratzen gaituen mundu naturalaren bihotzean barneratuko dira.
Hodei Arrausiren bidaia Glasgowra, bizikletaz, "0" isurketa lelopean
Hodei Arrausi EITBko kazetariak "0" isurketa leloa daraman egitasmo berezia gidatuko du goi bileraren karietara. Bizikleta hartuta, EITBren Bilboko egoitzatik abiatuko da urriaren 30ean eta azaroaren 10ean Glasgowra iristea izango da asmoa, bidaiak sortuko dituen CO2 jarioetatik ahalik eta isurketa gutxien eginez.
Hodeik bidaiaren eguneroko kronika egingo du ETBko albistegietan, baita programetan, irratian eta webean ere. Bestalde, ibilbidean zehar Hodeik bost erreportaje egingo ditu, azaroaren 5tik 9era bitartean ikusgai izango direnak.
Bidaldiaren nondik norakoak mapa baten bitartez jarraitu ahal izango ditugu, eta etapa bakoitzean nora iritsi den eta CO2 isurketa zenbatekoa izan den ikusiko da. Sare sozialetan bereziki jarraitu ahal izango da ekimena. Izan ere, aldi berean, Amaia Larrucea kazetaria ere berarekin joango da eta, EITBlab-en proiektuaren baitan, ekimena publiko gazteenari hurbilduko dio sare sozialen bidez. Bidaiaren bitakora-digital bat egingo dute, eta #BilboGlasGOw! traola erabilita mundu osoari kontatuko diote bidaian gertatutakoa, ikusitakoa, ikasitakoa eta ezagututako jendea.
Goi bilerari arreta berezia
EITBk Glasgowko goi bileraren jarraipen zabala egingo du telebista zein irratiko albistegi eta saioetan, baita Interneten ere. Hainbat bidali berezi izango ditu horretarako: Lander Eizagirre eta Mikel Rotaetxe (Euskadi Irratia), Iñaki Larrañaga eta María Suárez (Radio Euskadi) eta ETBko beste zenbait kazetari.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik irratsaio berezi bana egingo dituzte Glasgowko goi bileraren harira: "Boulevard" azaroaren 10ean eta "Faktoria" albistegia hilaren 12an. Gainera, "Ekosfera" (Euskadi Irratia) eta "La Mecánica del Caracacol" (Radio Euskadi) saioek COP26era begira landutako edukiak izango dituzte, eta "Norteko Ferrokarrila" saioak 25. urteurreneko programa berezia egingo du azaroaren 12an.
Bestalde, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak eta "Eguraldia" tartea Urdaibaitik egingo dira azaroaren 10ean. Halaber, ingurumena eta goi bilera ardatz izango dituzte datozen asteetan "En Jake", "Biba Zuek!", "Ahoz Aho", "Nos Echamos a la Calle" (Punto verde tartearen bitartez) eta "Teknopolis" saioek. Elhuyar Fundazioak ekoizten duen zientzia eta teknologia saioak bi atal berezi egingo ditu: azaroaren 6 eta 7ko asteburuan goi bilera hauetan eztabaidatzen eta erabakitzen dena izango dute aztergai Elisa Sainz de Murieta ikertzaile eta BC3 Aldaketa Klimatikoaren Bulegoko zuzendariarekin; azaroaren 13 eta 14an larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategiak landuko dituzte.
#EKIN_klima kanpaina eitb.eus-en
eitb.eus-ek webgune berezi bat izango du Glasgowko goi bileraren eta EITBren #EKIN_klima ekimenaren inguruko informazio eta eduki guztiekin: eitb.eus/klima. Bertan, albisteak, bideoak, audioak, argazkiak eta aholkuak bilduko dituzte, eta Hodei Arrausik "0" isurketa lelopean egingo duen ekimenaren ingurukoak ere bertan egongo dira. Besteak beste, bidaia jarraitzeko mapa interaktiboa eta emisioen kontagailua erakutsiko dituzte.
"Eguraldia" saioaren jarduera ezberdinak ere bertan jasoko dituzte, tartean Salbatu zure bazter kuttunena larrialdi klimatikotik ekimena. Bertan, beren txoko gogokoenen argazkiak bidaltzeko deia egiten saio audientziari.
'Eguraldia' saioko ekimena
Halaber, dokumental, estreinaldi eta telebista zein irrati saio berezien inguruko edukiekin playlist-ak eskuragarri egongo dira, eta emisioak ere bertan jarraitu ahal izango dira. Besteak beste, Euskal Telebistan, eitb.eus-en, eta EITB Nahieran-en (webgune eta app) jarraitu ahal izango dira "El Cambio" eta "Natura Bizia" estreinaldiak eta dokumentalak.
#EKIN_klima etiketa erabilita zabalduko dira sare sozialetan eduki guztiak.
#EKIN_klima, EITBren Bilboko egoitzako fatxadan ere
Kanpainaren eta goi-bileraren azken txanpan, EITBren Bilboko egoitzako fatxadak ere #EKIN_klima kanpainarekin egingo du bat. Izan ere, azaroaren 5etik aurrera klimaz jantziko da EITBren eraikina. Bideo mapping proiekzioa egingo da bertan, ikus-entzunezko ikuskizun batekin. #EKIN_klima kanpainentzat sortutako irudiak, "Natura Bizia" saioko irudi ikusgarriak eta "Eguraldia" programako ikusleek Salbatu zure bazter kuttunena larrialdi klimatikotik lehiaketara bidalitako argazkiak bilduko dira bertan. Azaroaren 5ean, 20:00etan abiatuko da bideo mapping proiekzioa.
EITBren konpromisoa
Ingurumenaren kudeaketa arduratsuaren esparruan, EITBk bere gain hartu du bere jarduera modu jasangarrian egiteko eta bere ingurumen-inpaktua murrizteko konpromisoa. Era berean, komunikazio agente gisa duen eraginaz jabetuta, funtsezko zeregina garatzen du ingurumen-edukiak sortzeko eta zabaltzeko. Hala, 2019an, EITB Taldeak bat egin zuen Hedabideek klima aldaketaren aurrean egindako adierazpenarekin; horrek erronka berri bat planteatu zuen Taldearentzat eta sektore osoarentzat.
EITB Taldearen Ingurumena Hobetzeko Planaren barruan jasotzen dira zein helburu eta ekintza garatzen dituen bere ingurumen-portaera hobetzeko eta Iraunkortasunaren Euskal Legea, 4/2019 Legea eta 254/2020 Dekretua, betetzeko. Konpromiso horrek berekin dakar EITBren jardueraren beraren kudeaketan erreferente izatea, bai eta herritarrak kontzientziatzeko lana egitea ere taldeko hedabideen bidez. Halaber, EITBk ISO 14001:2015 nazioarteko arauaren araberako kudeaketa-sistema ziurtatua dauka Bilboko lantokirako.
Beste neurrien batzuen artean, kontsumo elektrikoaren kontrola, kudeaketa eta murrizketa EITBren jarduera-ildoetako bat da, Eusko Jaurlaritzaren helburuaren barruan, energiaren aldetik eraginkorragoa eta jasangarriagoa den sektore publikoa sustatzeko. Hala, aurten, energia berriztagarrien arloan lehen urratsa eman du EITB Taldeak, Donostiako egoitzan autokontsumorako lehen instalazio fotovoltaikoa ezarriz. Laster bigarrena ere prest izango du Miramonen bertan.