Itxi

EITB 40

EITB 40

EITB 40

Batzen gaituzten emozioak

EITBren 40. urteurrena, ONCEren 5 milioi kupoitan

EITB Media

Hilaren 20an beteko dira 40 urte Eusko Legebiltzarrak EITBren sorrera legea onartu zuenetik. Hori ospatzeko, maiatzaren 19an zozkatuko den ONCEren kupoiak urteurrena islatuko du.

  • EITBren 40. urteurrenaren kupoiaren aurkezpena, "Teleberri"ko platoan

    EITBren 40. urteurrenaren kupoiaren aurkezpena, "Teleberri"ko platoan. Argazkia: EITB Media

EITB izango du protagonista maiatzaren 19an zozketatuko duten ONCEren kupoiak. Guztira, estatu osoan 5 milioi kupoitan agertuko da EITBren 40. urteurrenaren irudia.

Ostegun honetan eman dute ekimenaren xehetasunen berri Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko Lurralde Ordezkariak, Usue Vallejo ONCEren Euskadiko eta Kantabriako Joko Buruak, Batirtze Arnaiz ONCEko agente saltzaileak eta Ibone Bengoetxea EITBko zuzendari kudeatzaileak, EITBren Bilboko egoitzan egin den aurkezpenean. Bi aldeak pozik agertu dira lankidetzarekin.

Aurkezpenaren irudia

Aurkezpenaren irudia

EITBren Iurretako lehen egoitzako argazkia ageri da kupoian, urtemugaren leloaren batera: 40. urteurrena. Batzen gaituzten emozioak. 2022ko maiatzaren 19an zozkatuko dute, Legebiltzarrak EITBren sorrera legea onartu zueneko urteurrenaren bezperan.

Kupoiaren irudia

Kupoiaren irudia

Eguneroko kupoia denez, bost zifrak eta serieak 500.000 euroko saria jasoko du, eta 35.000 euroko 49 sari jasoko dute bost zifrek. Gainera, 250 euroko 450 sari lehen lau zifretan, eta beste 450 sari azken lauretan; 25 euroko 9.000 sari azken hiruretan; eta berdin lehen eta azken bietan (6 euro). Horrez gain, 2 euro itzuliko dira saritutako zenbakiaren lehenengo edo azken zifrekin.

ONCEk Euskadiko ekitaldirik esanguratsuenetako batzuk jasotzen eta islatzen jarraitzen du, eta herritarrek ONCEren jokoetan jartzen duten konfiantza eskertzen du; izan ere, horiei esker, EAEko erakundean afiliatuta dauden 3.300 pertsona itsu eta/edo ikusmen murriztua dutenek beharrezko prestazio sozial eta teknikoak jasotzen dituzte, erabat gizarteratzearen alde eginez. ONCEren kupoiak erakundearen loteria sozial, seguru, arduratsu eta solidarioko produktuen parte dira; izan ere, diseinutik merkaturatu arte, kontrolik gabeko kontsumoak neutralizatzeko kontrolak ezartzen ditu, eta berariaz debekatzen du adingabeei saltzea edo kreditu bidez kontsumitzea, besteak beste. Erakundeak herritarrekiko erantzukizuna du, eta joko arduratsuko politika sustatzen du, Munduko Loteria Elkarteak eta Estatuko Loteria eta Totoen Europako Elkarteak definitutako ebaluazio- eta jarraipen-sistema zorrotzenekin. ONCEren kupoiak ONCEren 19.000 saltzaile inguruk merkaturatzen dituzte. Gainera, www.juegosonce.es webgunean eta baimendutako establezimendu laguntzaileetan eros daitezke.

Itsu-gorren eta desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioaren alde lan egiten duen ONCE Gizarte Taldeak urteurrenak betetzen dituzten erakunde eta enpresei eskainitako kupoiak saldu ohi ditu, eta EITB izango da protagonista oraingoan. Ikus-entzunezko talde erreferente gisa, EITBrentzat garrantzitsua da ONCErekin aliantza indartzea, Ibone Bengoetxeak aurkezpenean azpimarratu duenez. Horri lotuta, Euskal Irrati Telebistak zerbitzu publiko eta eraldaketa eragile gisa duen funtsezko eginkizuna azpimarratu du EITBko zuzendari gerenteak, eta garapen sozialari lagunduko dioten kausei laguntzeko helburua ere gogoratu du.

40. urteurrena: Batzen gaituzten emozioak

40. urtemugaren harira antolatutako ospakizun eta ekimenen baitan dago ONCEren kupoi hau. Hain zuzen ere, 2022ko urtarrilaren 1ean Euskal Telebistak estreinatutako irudi berriak abiatu zuen ospakizuna, eta hilaren 20an beteko dira 40 urte Eusko Legebiltzarrak EITBren sorrera legea onartu zuenetik, lau hamarkada, beraz, euskal gizartearen zerbitzura.

Hala, 40 urte beteko ditu EITBk Euskadiren transformazio sozialean agente aktibo bihurtzeko konpromisu sendoarekin, euskal gizarteari etorkizunerako bidean aurrerapausoak ematen laguntzeko xedearekin, eta munduari irekia eta aniztasunaren isla izango den gizarte baterantz aurrera egiteko asmoarekin, informazioa eta entretenimendua ez ezik, eduki hezitzaileak ere eskainiz. Hori guztia, kalitatezko irrati eta telebista publikoaren eredu izaten jarraitzeko.

Zerbitzu publikoko 40 urte, ONCEk ere sarituak

EITBri eskainitako kupoiak Komunikazioa Taldeak eta ONCE Euskadik duten harreman bikaina nabarmentzen du. Izan ere, azken urteotan izan diren hainbat lankidetza-hitzarmenez gain, Euskal Irrati Telebista publikoko hainbat programa eta profesionalek ONCEk Euskadin urtero ematen dituen sari solidarioak jaso dituzte, komunikazio-lanaren kategorian.

Berriena EITB Maratoiak jaso zuen, zehazki, covid 19aren pandemiaren ondoriozko ekimenagatik: ikerketa biomedikoa egiteko dirua bildu zuen, gizarte-kohesioa bultzatu zuen prebentzioan, diagnostikoan, tratamenduan eta osasun-baliabideen kudeaketan eta antolaketan aurrera egiteko.