EiTB MARATOIA
EITB Maratoia 2022
Esklerosi anizkoitzaren inguruko 8 ikerketa-proiektu finantzatu dira euskal gizartearen elkartasunari esker
EITB MEDIA
Ia milioi bat euro (994.739 euro) bideratu dira esklerosi anizkoitza ikertzeko proiektuetara, berau saihesteko, ahalik eta arinen antzemateko, diagnostikoa hobetzeko eta tratamendu berriak garatzeko. Proiektuok EITBren Bilboko egoitzan aurkeztu dira, ikertzaileekin batera egindako topaketan.
2022ko EITB Maratoian lortutako diru-bilketari esker, esklerosi anizkoitzaren inguruko zortzi ikerketa-proiektu finantzatu ahal izan dira. EITB Maratoia ekimen solidarioaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lankidetzaren emaitza da deialdia, eta ia milioi bat euro (994.739 euro zehazki) bideratu dira prebentziorako, esklerosi anizkoitza ahalik eta arinen antzemateko, diagnostikoa hobetzeko eta tratamendu berriak garatzeko.
Ostegun honetan, urtarrilak 25, topaketa egin da EITBren Bilboko egoitzan, eta bertan izan dira Zaloa Mendez EITB Maratoiaren arduraduna, Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria eta zortzi ikertzaile eta proiektu-arduradun: María Domercq García, María Victoria Sánchez Gómez, José Luis Sanchez Menoyo, Ainhoa Alberro Garitano, Vanja Tepavcevic Mandik, Alfredo Rodríguez Antigüedad, Ainhoa Bilbao Leis eta Iraide Allozab.
Proiektuetatik hiruk mielina dute ardatz, eta laugarrenean mikroglia aztertzeko modu berritzailea erabiliko dute. Bosgarren proiektuaren ardatza zelula dendritikoen zeregina da, eta beste batek, berriz, nekearen arazoari heltzen dio. Gainera, pazienteen azterketa kliniko baten bidez, erreserba kognitiboaren zeregina ikertuko da; eta, azkenik, EA duten euskal biztanleen ezaugarrien ezagutza eguneratzea eta biztanle horien ezaugarri soziodemografikoen ezagutza hobetzea izango da zortzigarren proiektuaren helburua.
Finantzatutako zortzi proiektuak Osakidetzako Biobizkaia eta Biogipuzkoa osasun ikerkuntza institutuetan eta Achucarro Fundazioan garatuko dira, eta honako erakunde hauen laguntza izango dute: Bioaraba, Biosistemak, Osasun Sistemen Ikerketa Institutua, Euskal Herriko Unibertsitatea eta CIC biomaGUNE.
Deialdia BIOEF Berrikuntza, Ikerketa eta Osasunaren Euskal Fundazioak koordinatu du, eta berriki ebatzi da. Bertan, 12 eskaera jaso ziren guztira, eta kanpoko ebaluatzaile independenteek horien ebaluazio zientifiko-teknikoa egin zuten.
127 ikerketa proiektutik gora
2023an, berriz, EITB Maratoiak 1.228.290 euro lortu ditu minbiziaren ikerketarako eta, hogeita laugarren maratoi solidarioan, errekor historikoa hautsi du diru-bilketan, parte-hartzean eta elkartasunean. Gizartearen elkartasunari esker, aurreko edizioetan 8,56 milioi euro bideratu ahal izan dira 127 ikerketa-proiektutara.