Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Minbizia

EITB Maratoia elkartasun oldeak milioi bat eurotik gora bildu du minbizia ikertzeko. ESKERRIK ASKO!

EITB MEDIA

Zehazki, 1.012.400 euro batu dira, eta oraindik badago aukera ekarpenak egiteko: webgunean, kontu korronte bidez eta Bizum bitartez (Eman atalean, 33478). Edizio honek kirol erronka handia izan du: etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidarioa, Xabier Salillasen eskutik.

0:20

2023ko EITB Maratoiak egun handia izan du ostegun honetan, Minbiziaren Aurka Aukera Berriak lelopean. Urtero bezala, egun berezia izan da, eta ostiral eguerdira arte bildutako 1.012.400 euroak minbizia ikertzeko baliatuko dira. Hala ere, oraindik badago aukera ekarpenak egiteko. 900840750 doako telefono zenbakia abenduaren 15ean, 09:00etatik 22:00etara, eta abenduaren 16an, 11:00etatik 22:00etara, izango da erabilgarri. Gainera, otsailaren bukaera arte egongo da aukera minbizia ikertzeko ekarpenak online, kontu korronte bidez eta Bizum bitartez egiteko (Eman atalean, 33478).

Osteguneko jardunaldi solidarioa 09:00etan hasi da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan deiak hartzeko jarri den gunean. Ohi bezala, egunean zehar kultura, kirol, telebista eta bestelako hainbat alorretako 150 aurpegi ezagunetik gora batu dira telefono deiak hartzera, erakundeetako ordezkariak tartean. 

Emozioz betetako eguna izan da, eta edizio honek, gainera, kirol erronka handia izan du: etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidarioa, Xabier Salillas atletaren eskutik. Erronka handi horrek diru-bilketan ere lagundu du, noski, kilometro bakoitzeko 200 euroko ekarpena egin baita. Zehazki, 18.040 euro batu dira La Caixak eta EITBren ekitaldietan parte hartu duten pertsonen ekarpenei esker.

Salillas 09:25 inguruan irten da EITBren Bilboko egoitzatik, EITBko Kiroletako taldeko hainbat kiderekin batera. San Mames ingurura jo dute eta Maristas ikastetxeko 100 ikaslerekin elkartu dira bertan, korrika egiteko.

Ondoren, Miribillarantz jo dute. Bilbao Arenan, baina, ez da bakarrik egon: talde, elkarte eta ikastetxeekin batera egin du korrika, minbiziaren aurkako borrokan babesa erakutsi eta bere aletxoa jarri nahi izan duten boluntarioekin. 1.000 bat lagunek eman dute izena egunean zehar korrika egiteko, Bilbao Ekintzak utzitako espazio horretan.

Euskadin lehen heriotza-kausa

Minbizia guztioi eragiten digun gaixotasuna da. Euskadin lehen heriotza-kausa da, 45.000 pertsona baino gehiago baitaude kaltetuta, eta 14.000 kasu ezagutzen dira urtero. Pertsonen % 74k aitortzen dute minbiziarekin harremana duen gertuko norbait duela.

Erronka

''Aukera Berriak'' erronka hau orain arteko masiboena ari da izaten, eta hainbat irudi ikusgarri utzi dizkigu ekitaldi jendetsuetan. Bereziki aipagarria izan da kultura- eta kirol-ekitaldi handietako parte hartzea: ''Go!azen''en aurrestreinaldiak Euskaldunan eta Baluarten (milaka haur kantuan eta dantzan): gure taldeen futbol eta saskibaloi partidetan; Lau t 'erdiko pilota finala, Winter Series… Euskalduna Jauregiko auditoriuma ere gaztez beteta ikusi dugu, kongresu batean; eta, urtero bezala, ikastetxe asko eta asko animatu dira kantatzera eta dantzatzera. Gure hiriburuetako kaleetan eta hainbat merkataritza-gunetan jarritako set bereziek ere jendea bildu dute; eta, nola ez, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako hitzordu hunkigarri eta jendetsua, arrakasta handikoa. Ekarpenen artean, bereziak izan dira minbiziaren aurkako elkarteek egin dituztenak, kantuan, dantzan eta baita arraunean ere. EITB Maratoiak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei bidalitako bideoengatik; izan ere, ekarpen bakoitzeko 50 euroko dohaintza egin du BBK-k.

Euskal gizarteak elkartasuna adierazi nahi izan du beste behin ere eta minbiziaren aurrean aukera berriak aldarrikatu ditu ETSren abestiaren soinu bandarekin. Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak euskal gizartearen parte hartzea eskertu du, eta sentsibilizazio kanpainaren garrantzia azpimarratu.

EITBk bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie kausa honekin bat egin duten guztiei, egindako ekarpen eta ahaleginagatik, eta EITB Maratoiaren kanpainarekin bat egin duten erakunde, elkarte eta enpresen laguntza eskertu nahi du: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Eroski (zentimo solidarioa), Laboral Kutxa, BBK, Fagor, Vital Fundazioa, Caixa, Irizar, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Sarea, Smurfit Kappa, Ampo, Versia, Arin Innovation eta Metro Bilbao.

ESKERRIK ASKO DENOI!

BIOEF fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara.

Minbiziaren Aurka Aukera Berriak lelopean egin du EITBk bere 24. maratoi solidarioa. Gizartearen elkartasunari esker, aurreko 23 edizioetan, 8,56 milioi euro bideratu dira arlo ezberdinetako 127 ikerketa-proiektu laguntzera: minbizia (haurren minbizia, biriketakoa, bularrekoa...), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen-ezgaitasuna, buruko gaixotasunak, hartutako garun-kaltea, transplanteak, gaixotasun arraroak...