Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

EITB Maratoia

16 orduko lasterketa solidario etengabea elkartasun egun handian, minbiziaren ikerketaren alde

EITB MEDIA

Xabier Salillas atletak aparteko kirol erronka honi ekingo dio abenduaren 14an, goizean goiz, hainbat elkarte eta talderen laguntzarekin. Bilbao Arenako pistan izango da, eta oraindik izena eman daiteke bertan parte hartzeko.

  • Lasterketa solidarioaren aurkezpena

    Lasterketa solidarioaren aurkezpena

Abenduaren 14an elkartasun egun handia biziko du 2023ko EITB Maratoiak, ohi bezala, asmo bikoitzarekin: minbiziaren aurkako ikerketaren garrantziaz sentsibilizatzea eta dirua biltzea. Hain zuzen ere, Minbiziaren Aurka Aukera Berriak dugu aurtengo leloa. Urtero bezala, egun berezia eta emozioz betetakoa izango da; eta edizio honetan, gainera, etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidario erraldoia ere izango dugu, Xabier Salillas atletaren eskutik. Bizkaiko hiriburuko Bilbao Arena kirol jauregiko pistan (Miribillan) izango da aparteko kirol erronka hau.

Xabier Salillas

Xabier Salillas

Balentria honen lehen kilometro sinbolikoa egin du iraupen-lasterkariak astearte honetan, abenduak 5ak, pistan bertan egin den aurkezpenean. Han izan dira Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendaria eta María Ángeles Sala ikertzaile eta onkologoa (Bilboko Basurtuko ESIan Onkologia Medikoko ikertzailea eta 2018-2023 Onkologia Planaren koordinatzailea). Biak izan ditu alboan Hernaniko atletak, duela 10 urtetik kirola eta elkartasuna batzen dituen eraikuntzako langile honek.

Isabel Octavio

Isabel Octavio

Abenduaren 14an, 09:00etan aterako da Salillas EITBren Bilboko egoitzatik, Kiroletako lantaldeko hainbat kiderekin batera. Miribillan ere ez da bakarrik egongo: talde, elkarte eta ikastetxeekin batera korrituko du pistan, minbiziaren aurkako borrokan babesa erakutsi eta bere aletxoa jarriko nahi duten elkarte eta taldeekin. Horietako askok dagoeneko baieztatu dute parte hartuko dutela, eta deialdia zabalik dago oraindik ere. Izena eman nahi duen elkarte orok eitbmaratoia@eitb.eus helbidera idatzi dezake.

EITBko hainbat langilek eta saioetako erreportarik ere bat egingo dute lasterketarekin, tartean "Quédate con Ane" eta "Gora Bihotzak" programetakoek.

Euskadin lehen heriotza-kausa

Minbizia guztioi eragiten digun gaixotasuna da. Euskadin lehen heriotza-kausa da, 45.000 pertsona baino gehiago baitaude kaltetuta eta 14.000 kasu ezagutzen dira urtero. Pertsonen % 74k aitortzen du minbiziarekiko harreman duen gertuko norbait duela.

"Gogoratu nahi dut, helburua minbiziaren aurkako ikerketa dela", esan du Isabel Octaviok. "Minbiziaz sentsibilizatu behar dugu, pertsona bitik bati bere bizitzan zehar eragingo dion gaitza delako", gaineratu du, eta ikerketa arloan egiten den lana azpimarratu du. Hain zuzen ere, ikerketa horren berri eman du María Ángeles Sala onkologo eta ikertzaileak aurkezpenean.

Maria Ángeles Sala

María Ángeles Sala

Azken 22 urte hauetan EITB Maratoiaren elkartasunari esker, 7,5 milioi euro bideratu dira 119 ikerketa-proiektutarako. BIOEF fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara.

Dagoeneko dohaintzak egin daitezke 900 840 750 doako telefonoan eta BIZUMen bidez (33478). Oraindik ere bideoak bidaltzen jarraitu daiteke "Aukera Berriak" dantzatzen eta abesten.