EiTB MARATOIA
Alzheimerra
EITB Maratoiaren koloreekin jantzi da Donostiako Kursaal jauregia
EITB Media
Asteartean 20:00etatik 23:00etara eta asteazkenean 18:00etatik 23:00etara egongo da argiztatuta eraikina EITB Maratoiaren irudiarekin. Ostegunean, EITBren egun solidario handiarekin bat eginez, German Cedano artistak esku-hartze artistiko iragankorra egingo du Kontxako hondartzako harean
Ostegun honetan, abenduak 16, 2021eko EITB Maratoiaren egun handia izango da, alzheimerra ardatz hartuta; baina astearte honetatik hasita, edizio honi lotutako bi ekimen berezi hartuko ditu Donostiak.
Alde batetik, abenduaren 14an eta 15ean EITB Maratoiaren irudiarekin argiztatuko da Gipuzkoako hiriburuko Kursaal Jauregia. Asteartean 20:00etatik 23:00etara eta asteazkenean 18:00etatik 23:00etara.
Hurrengo egunean, abenduaren 16an, EITB Maratoia eta aurtengo kausa ikusgai izango dira Kontxako hondartzan, harean egingo den esku-hartze artistiko iragankorrean. Bertan, German Cedano artistak (Calat 33) alzheimerrarekin eta EITB Maratoiaren lotutako marrazki bat egingo du, marearen igoerarekin eta olatuen etorrerarekin batera desagertuz joango dena. 07:30ean hasiko da artista pieza egiten, eta 11:00etan lana bukatuta egotea aurreikusten dute. 13:00etarako, marearen igoera osoarekin, lana desagertu egingo da. Esku-hartze guztia hainbat kamerek eta dron batek grabatuko dute, eta streaming bidez izango da ikusgai.
Aurtengo kausa, alzheimerra
2021eko EITB Maratoiak alzheimerra hartu du ardatz, Euskadin 40.000 pertsonari baino gehiagori eragiten dien gaixotasuna. Kanpainaren helburua da, batetik jendea gaitzaz sentsibilizatzea; eta, bestetik, ikerkuntzara bideratuko den dirua biltzea.
Joan den ostegunean Biocrucesen egindako 'EITB Maratoia solasean' mahai-inguruan gaitza jorratu zen, osasunaren, gizartearen eta ikerketaren ikuspegitik (bideoa osorik ikusgai dago), eta aurkezpen-ekitaldi horrekin eman zitzaion hasiera elkartasun kanpainaren azken txanpari. Izan ere, orain aste batzuk abiatu zen aurtengo ekimen partehartzailea, eta bertan EITB Maratoiak gizarteari deia egin dio oroitzapenak partekatu ditzan eta, nola ez, bertsioak igarri ditzan. Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da leloa du aurtengo kanpaina solidarioak, gaitzak memoria eta jendearen oroitzapen maitatuenak ezabatzen dituelako. Horregatik, jendearen oroimenei eskainitako espazio digitala bat sortu da, oroitzapen horiek gorde eta partekatzeko: argazkiak, audioak, irudiak, bideoak eta testuak… ZETAK taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiak jarri die soinu banda oroitzapenei eta aurtengo kanpainari.
Nola egin dohaintza?
Martxan dago EITB Maratoiari ekarpenak egiteko doako telefonoa. 900 840 750 telefono zenbakia abenduaren 1etik 18ra egongo da zabalik, biak barne, 11:00etatik 22:00etara (abenduaren 16an, EITB Maratoiaren egunean, ordutegi berezia izango du). Telefonoz gain, badago ekarpenak egiteko beste modurik ere: Banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan); BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean dohaintza online eginda.
Kontu horien guztien titulartasuna BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioarena. Hartara, alzheimerra ikertzeko emandako diru guztia BIOEF erakunde publikoak jasoko du. BIOEF Osasun Sailaren ikerketa eta berrikuntza sustatu eta kudeatzeko fundazioak ikerketa proiektu ezberdinetara bideratuko du elkartasun ekimenean bildutako dirua.