Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Alzheimerra

Martxan dago 2021eko EITB Maratoiari ekarpenak egiteko telefonoa: 900 840 750

EITB Media

Doakoa da eta abenduaren 1etik 18ra egongo da martxan. 2021eko EITB Maratoiaren egun handia abenduaren 16a izango da, 'Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da' lelopean.

  • EITB Maratoia 2021

    EITB Maratoia 2021

Asteazken honetan, abenduak 1, jarri da martxan 2021eko EITB Maratoiari ekarpenak egiteko telefonoa. 900 840 750 telefono zenbakia abenduaren 1etik 18ra izango da zabalik, biak barne, 11:00etatik 22:00etara (abenduaren 16an, EITB Maratoiaren egunean, ordutegi berezia izango du). Doakoa da. Aurten alzheimerra ikertzera bideratutako da bildutako dirua.

Izan ere, Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean, aurtengo EITB Maratoiak alzheimerra hartuko du ardatz. Kanpainaren helburua, batetik jendea gaitzaz sentsibilizatzea da; eta, bestetik, ikerkuntzara bideratuko den dirua biltzea. Euskadin 40.000 pertsonari baino gehiagori eragiten dien gaixotasuna da alzheimerra eta pertsona eta familia hauek bizi dutena eta gaitzaren aurrean egunero egiten duten borroka emozionala erakutsiko du EITBk. Abenduaren 16a izango da Maratoiaren egun handia, baina jada egin daitezke ekarpenak.

Nola egin dohaintza?

900 840 750 telefono zenbakia martxan izango da asteazken honetatik aurrera, baina horrez gain badago ekarpenak egiteko beste modurik ere: Banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan); BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean dohaintza online eginda.

Kontu horien guztien titulartasuna BIOEFena da, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioarena. Hartara, alzheimerra ikertzeko emandako diru guztia BIOEF erakunde publikoak jasoko du. BIOEF Osasun Sailaren ikerketa eta berrikuntza sustatu eta kudeatzeko fundazioak ikerketa proiektu ezberdinetara bideratuko du elkartasun ekimenean bildutako dirua.

Ekimen parte-hartzailea: 'Alzheimerraren aurrean, ez dezagun ahaztu'

Ekarpenak egitera animatzeaz gain, EITB Maratoia bete-betean sartuta dago aurtengo ekimen parte-hartzailean: 'Alzheimerraren aurrean, ez dezagun ahaztu'. Hala, EITB Maratoiak gizarteari dei egiten dio ekimenean parte hartu dezan, oroitzapenak bidalita edo/eta "Zeinen ederra izango den" abestiaren bertsioa grabatuta.

Zergatik oroitzapenak?

Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da leloa du aurtengo kanpainak, alzheimerrak memoria eta jendearen oroitzapen maitatuenak ezabatzen dituelako. Horregatik, EITB Maratoiak jendearen oroimenei eskainitako espazio bat sortu du, oroitzapen horiek gorde eta partekatzeko. Gure oroitzapen kutunenak gordetzeko espazio digitala da, mota ezberdinetako argazkiak, audioak, irudiak, bideoak eta testuak biltzeko. Ondoren, oroitzapen guztiekin "Zeinen ederra izango den" abestiaren bideoklipa osatzeko aukera izango da. Izan ere, Pello Reparazen ZETAK taldeak jarri dio soinu banda 2021eko EITB Maratoiari.

Nola parte hartu aurten?

Aurten ere, EITB Maratoiak ekimenean parte hartzera deitu nahi du euskal gizartea. Nola?

-Norberaren oroitzapen kuttunenak biltzen dituzten argazki, bideo eta testuak EITB Maratoia webgunera bidaliz.

-Edo/eta "Zeinen ederra izango den" abestiaren bertsioa igorrita. www.eitb.eus/eitbmaratoia webgunean eskuragarri daude abestiaren letra eta karaokea.

Aurreko urteetan bezala, herritarren ekarpenak EITB Maratoiaren webgunean argitaratuko dira.

Abestiaren bertsioak eta 350 oroitzapen inguru orain arte

Jada 350 oroitzapen inguru daude ikasgai EITB Maratoiaren webgunean, eta egunez egun jaso eta argitaratzen dira pertsona anonimoen eta aurpegi ezagunen bertsio zein oroitzapenak ere.

Bertsio horietako bat Donostiako Victoria Eugenia antzokiko publikoak sortutakoa izan da. Izan ere, EITB Maratoiaren baitan, ZETAK taldeak kontzertu berezia eskaini zuen bertan eta, nola ez, "Zeinen ederra izango den" EITB Maratoiaren aurtengo soinu banda abestu zuten publikoarekin batera. Momentu berezi hori oroitzapen bihurtu nahi izan du EITB Maratoiak bideo batean.

Hain zuzen ere, Pello Reparazen oroitzapenekin eman zitzaion hasiera ekimenari, ZETAK taldeko buruak bere txikitako argazkiak partekatu baititu EITB Maratoiarekin; eta ez da bakarra izan: Julian Iantzi, Edurne Pasaban, Kike Amonarriz, Javi Sierra, Leire Martinez, Aitziber Garmendia, Eider Hurtado, Markel Irizar; Twin Melody, Nerea Garmendia; Itziar Aizpuru, Martin Berasategi; Elena eta Juan Mari Arzak, Aitor Merino, Andoni Luis Aduriz, Xabi Solano, Ainhoa Etxebarria, Zuriñe Hidalgo, Joseba Arguiñano… horien guztien eta askoz gehiagoren argazkiak eta oroitzapenak ikusgai daude EITB Maratoiaren webgunean. Aurpegi ezagun batzuek, gainera, argazkiei ahotsa jarri diete eta irudi horien atzean dagoena istorioa kontatzera animatu dira. Horiek ere ikusgai eta entzungai daude.

Nola ez, EITBko saioek ere bat egin dute ekimenarekin, eta aurtengo soinu banda kantatzera animatu dira: "Go!azen 8.0" telesaileko hainbat aktore, Xabier Lapitz "En Jake" saioko zuzendari eta aurkezlea, eta "Esto no es normal", "Joseba Arguiñano Sukalerrian", "Biba Zuek!", "Baserria Zuzenean", "Atrapame Si puedes Finde", "Nos echamos a la calle" eta "A Bocados" saioetako aurkezle eta lantaldeak, besteak beste. EITBko Miramongo makillaje eta pelukeriatik ere heldu da bertsioa, eta Radio Vitoriak, bestalde, "Recuerdos de toda una vida" izeneko bideoa egin du, irratiaren historiari errepasoa egiteko, argazkitan.

Bestelako bertsioak ere ari da jasotzen EITB Maratoia: adibidez, kantuan entzungai ditugu Xabier Euzkitze eta Aner Peritz aita-semeak, "Zeinen ederra izango den" abestiaren bertsioan eta Euzkitzek berak hainbat argazki partekatu ditu webgunean.

Portugaletik ere abestiaren bertsioa egin dute "EH!rasmus" saioko Iratik eta bere pisukideek, eta jende anonimoa ere ari da abestiaren bertsioak bidaltzen, eta ikastetxeak eta adinekoen egoitzak ere hasi dira animatzen.