Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Aurkezpena

Bertso-katea sortzeko deia gizarteari, aurtengo EITB Maratoiarekin bat egiteko

EITB

Koronabirusa da aurten elkartasun kanpainaren gaia. Hartara, deia egin dio EITBk euskal gizarteari, guztion indarrak batuko dituen ekimenean parte hartu dezan.

  • EITB Maratoiko bertso-katea ekimenaren aurkezpena, Donostian

    EITB Maratoiko bertso-katea ekimenaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: EITB

Bertsoaz baliatuko da aurten koronabirusa ardatz duen EITB Maratoia, euskal gizartearen parte hartzea eskatzeko. Ekimenaren aurkezpena egin du EITBk ostiral honetan, urriaren 23an, Donostiako Tabakaleran. Ekitaldian egon dira Maite Iturbe EITBren zuzendaria, Xabier Euzkitze, Maddalen Arzallus eta Sebastian Lizaso bertsolariak eta Ander Gonzalez ETBko aurkezlea.

"Sufritzen ari garen pandemia aurrekaririk gabeko zerbait da guztiontzat. Emozioz beteriko egoera berri bat bizitzen ari gara. Horregatik, euskal gizarte osoaren sentimendua Euskadin bakarrik egin daitekeen modu batean adierazi nahi dugu: guztiok batzen gaituen bertso baten bidez", aurreratu du Maite Iturbe EITBren zuzendari nagusiak aurkezpenean.

Gizarte gisa dugun sentimendua adierazten duen bertso-katea

Bertsoek lurralde eta herri bezala identifikatu, emozioak transmititzen lagundu eta beste pertsona batzuekin konektatzen gaituztela azaldu du EITBren zuzendari nagusiak. "Pandemiaren aurka borrokatzeko modu hobea al dago elkartuta egonda baino? Bai, sentimendu komun bat transmititzen duen bertso-kate batez elkartuta egonda", esan du.

Inoiz ez bezalako bertsoa

Bertso-kate hori osatzeko, hasierako bertsoa beharrezkoa zen. Beraz, ekimena abian jartzeko sei bertsolari bildu ziren: Maddalen Arzallus, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluze. Bakoitzari sentimendu bat aipatu zitzaion, eta sentimendu horri buruz aritu behar zuen bere sorkuntzak. Sentimendu bakoitza, azkenaldi honetan bizi izan dugunarekin oso lotuta dago.

(BIDEOA: Bertso batek adieraz dezake guk sentitzen dugun guztia?)

Horrela, denen artean bertso komun bat eraiki zuten, gure sentimenduak adierazteko asmoa duena. Eta bertso mundua herritar guztiei hurbiltzea lagunduko zigun musika jarri zuten, Bob Marleyren "No woman, no cry" abestiaren doinua erabilita.

Orain, erronka da bertso-kate hori sortzen jarraitzea, hasierako bertso/abestia errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen. Honi lotuta, ostiral honetako aurkezpenean hasierako abesti hori entzun eta ikusteaz gainera, Ander Gonzalez aurkezleari ekimen honetarako propio sortutako aplikazioa nola erabiltzen den erakutsi diote. 

"Kanpainan zehar, jendeak bertso-katearekin bat egin dezake hainbat modutan: errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen. Horrela, eta guztion parte-hartzearekin, inoiz ikusi ez den bertso-kate bat sortu nahi dugu. Euskal gizarte osoak sortu eta interpretatutako duen bertsoa. Xede nagusia parte hartzea da", adierazi du Iturbek.

Ekimena plazaratzeko, bideoklip bat lantzen ari da EITB Maratoian dabilen lantaldea. Bertan, kulturaren munduko hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute (musikariak, idazleak, poetak), mezua arlo guztietan ezagutzera emateko.

Halaber, laster emango dira argibide gehiago, edukiak eitb.eus-era igotzeko zein pausu eman behar diren azalduz.

(BIDEOA: 6 bertsolari, 6 emozio, helburu bakarra: bertso batekin jendea batzea)

Aurten, denok gara kausa

"Aurten denok gara kausa. Koronabirusak guztioi eragiten digu. Mezu hori zuzendu nahi dugu EITB Maratoitik, eta EITBko hedabideek kanpainaren ardatza bultzatzeko duten indar guztia baliatu nahi dugu, aurtengo kanpainak covid-19aren ikerkuntzarako dirua bildu nahi duelako", esan du Maite Iturbek.

Horretarako, urtero bezala, pertsona, enpresa, gizarte-eragile eta erakundeen lankidetza eskatuko da, dohaintza-plataformaren bidez. Beste batzuetan bezala, Bizum bidez, banku-transferentziaz, telefonoan edo kalean gertatuko diren ekimen berezien bidez eman ahal izango da dirua. Zehaztasun guztiak eitb.eus-en webgunean egongo dira.

Zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago lagundu ahal izango dugu

Iaz, 20. urtemuga bete zuen EITB Maratoiak. Irudia aldatzearekin bat, euskal gizarte osora zabaldutako egitasmoa bilakatu zen eta haurren minbizia gai hartuta, inoizko erantzun onena izan zuen kanpainak. EITB Maratoiak marka guztiak hautsi zituen milioi bat euro baino gehiago bilduz. Gainera, Euskal Herriko txoko guztietatik 50.000 ahotsek baino gehiagok "Lau teilatu" abestu zuten eta Zure bertsiorik onena ekimenak 1.500 bideo baino gehiago jaso zituen.

"EITB Maratoian jakitun gara bizi dugun egoeraz. Baina uste dugu gutxi batzuek gauza handi bat sortu dezaketela gehien behar dutenei laguntzeko. Horregatik, aurtengo edizioan herritarren eta enpresen inplikazioak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Inoiz ez da bertso bat hain garrantzitsua izan sentitzen duguna adierazteko. Inoiz ez gintuen bertso batek guztioi batu",  gaineratu du zuzendari nagusiak.

Maratoiaren egun handia abenduaren 17a izango da. Egun horretan dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana izango da egun osoan zehar. Horrez gain, EITBko kanal guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus) EITB Maratoiari arreta berezia eskainiko diote elkartasuna sustatu eta koronabirusaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko