Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Donostian

'Restaurante sin Barreras' saioko protagonisten pintxoak, EiTB Maratoiaren alde

EiTB

Gaur, saioko parte-hartzaileek pintxo solidarioak eskainiko dituzte Kursaaleko kanpoaldean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta EiTBk antolatutako ekitaldian.

0:30
EiTB Maratoia laguntzeko pintxoak, azaroaren 15ean, Donostiako Kursaalen

Gaur iluntzean, 'Restaurante sin Barreras' saioko protagonistek EiTB Maratoiko pintxo solidarioak eskainiko dituzte, haur minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko. Donostiako Kursaal Jauregiko kanpoaldean izango da, 19:30etik aurrera, EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako ekitaldian. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ere izango da bertan.

Pintxoak lortzeko, EiTB Maratoiari dohaintza egin beharko zaio, ordainketa elektronikoa egiteko sistema bat erabiliz

Bildutako dirua 2019ko EiTB Maratoiarentzat izango da, haur minbiziaren ikerkuntzan laguntzeko. Diru-ekarpen guztiak zuzenean jasoko dira egitasmo honi lotutako kontu batean

Pintxoak banatzeko espazioa Kursaal Jauregiko kanpoaldean egongo da, eta sarrera librea izango du. Produktu guztiak bukatu arte eskainiko dira pintxoak.

'Restaurante sin Barreras'

Sei astez, desgaitasunen bat duten zortzi gaztek euren bizitzako erronkarik handienari egin behar izan diote aurre: euren burua prestatu jatetxe bateko langile izateko. Iñaki Urrutiak aurkeztuta, ETB2ko saioak prozesu hori erakutsi digu, eta azaroaren 1eko final handian ikusi genuen emaitza. Orain, 'Restaurante sin Barreras' saioko protagonistek bat egin dute EiTB Maratoiarekin, eta pintxoak eskainiko dituzte Donostiako Kursaalen.

'Go!azen'en denboraldi berriaren aurrestreinaldia

Pintxoa jateko aukera 19:30etik aurrera egongo da, Kursaal Jauregiaren kanpoaldean. Aurretik, barrualdean, 'Go!azen' telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia egingo da. Izan ere, 'Go!azen 6.0' azaroaren 22an estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. Hala ere, aurretik lehen atala hainbat lekutan ikusteko aukera egongo da, tartean Gipuzkoako hiriburuan egingo den aurrestreinaldi honetan, Euskaltelen eskutik. 'Go!azen'en atala ikusteko, baina, sarrera beharko da.

EiTB Maratoia, euskal gizarte osoari zuzendutako proiektua

Orain arte abenduan egiten zen maratoiaren sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko du eta ekintza gehiago antolatuko dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatzeko. Horri lotuta, EiTB Maratoiak egitasmo handi baten parte izateko gonbidapena egin dio euskal gizarteari, haurren minbiziaren kontra borrokatzeko: 'Lau teilatu' abestiaren inoizko bertsiorik onena sortzea.

Parte-hartzaile anonimoen eta ezagunen grabazioekin bideoklipak egingo dira, aurtengo EiTB Maratoiari bukaera emateko. Pintxo solidarioen banaketan ere, 'Lau teilatu' abestiaren bertsio bat grabatuko da.