Itxi

Iktusa

Iktusa

Iktusa

EiTB Maratoia

Iktusa da aurten EiTBko elkartasun maratoiaren gaia

EiTB

'In>ictus: iker dezagun iktusa' lelopean, abenduaren 14ra bitartean EiTBk baliabide guztiak jarriko ditu garuna kaltetzen duen gaixotasun honen inguruan sentsibilizatu eta dirua biltzeko.

  • Maratoiaren aurkezpena. Argazkia; EiTB

Iktusaren inguruan izango da Euskal Irrati Telebistaren hemezortzigarren EiTB Maratoia, In>ictus: iker dezagun iktusa / In>ictus: investiguemos el ictus lelopean. Abenduaren 14ra bitartean, EiTB taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus) informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dute, garuna kaltetzen duen gaixotasun honen gainean berri eman eta ikerkuntzara bideratuko den dirua biltzeko.

Maratoiaren aurkezpena Bilboko EiTBko egoitzan izan da eta honako hauek hartu dute parte: Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia; Maria Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; Marimar Freijo, Basurtuko Ospitaleko Iktus Unitatearen arduraduna; Izartza Zorrozua, Euskalteleko Erakundeekiko  Harreman eta Babesletzen arduraduna, eta elkarte ezberdinetako kide eta gaixoak, tartean aurten EiTB Maratoiaren iragarkian parte hartu dutenetako batzuk.

Hurrengo egunetan, EiTBko irrati eta telebistetako albistegiek eta hainbat saiok erreportajeak eskainiko dituzte gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukoak bilduz.

Abenduaren 4an irekiko da diru laguntzak emateko bideratuko den telefonoa: 902 54 25 25. Halaber, eitb.eus bidez dirua emateko aukera dago gaurtik aurrera.

Hilaren 14a izango da elkartasun kanpainaren egun handia. Egun guztian, ehun pertsona famatuk baino gehiagok diru laguntzak egin nahi dituzten herritarren deiei erantzungo diete. Egun osoan zehar, EiTBko komunikabideek bat egingo dute deiak jasoko dituzten gunearekin.

Invictus olerkia kanpainaren ardatza

Aurtengo kanpainak, modu positiboan, euren eguneroko bizitzari berrekiteko iktusa izan dutenen borroka islatu nahi du. Kasu gehienetan indarra eta aurrera egiteko nahia eskatzen du egin behar duten ahaleginak. William Ernest Henleuyren Invictus poema hartu du ardatz kanpainak eta indarra eta aurrera egiteko gogoa ditu hizpide olerkiak.

EiTB Maratoiaren iragarkian Invictus poema irakurtzen ari diren 10 lagun agertzen dira, eta hein berean, errehabilitazioa egiten ikusten ditugu bere eguneroko bizimodua berreskuratzeko. Hain juxtu, Mandelak bere ziegan zuen poema zen Invictus eta indarra ematen zion kartzelako egonaldia pairatzeko.

Garaipenaren ikurra ere azpimarratzen da kanpaina honetan. Invictus-en 'V' ikurrak aurrera egin eta garaitzeko nahi hori irudikatzen du gaixotasunarekin alderatuta. Hortaz, EiTBko hedabideen bitartez kanpainan parte hartu nahi duten guztiei hatzekin 'V' ikurra eginez argazkia atera eta sare sozialetara igo dezaten eskatuko zaie.

Halaber, hedabideetan iktusaren gainean eskainiko diren edukiez gainera, EiTBko aurkezleek iktusa izaten ari den pertsonak gaixotasuna nola antzeman dezakeen eta aurretik nola prebenitu daitekeen azalduko dute.

Abenduaren 4tik eta EiTB Maratoiaren egunera arte, gaiaren inguruko erakusketa izango da Bilboko Yimby aretoan (Ertzilla kalea, 24). Bertan  iragarkiaren grabazioan parte hartu duten 10 lagunen istorioak bilduko dira. Halaber, jendeak 'V' ikurra eginez argazkia egin ahal izango du.

6.000 iktus urtean, Euskadin

Iktusa istripu zerebrobaskular bat da, garuneko funtzioen bat-bateko galera, asaldura baskular baten ondorioz, eta, hein handi batean, ezintasun-maila desberdinak eragiten ditu, ondorio sozial larriekin. Gaixotasunaren sintoma nagusiak honako hauek dira: indarraren edo sentsibilitatearen galera gorputz-adarretan, hitz egiteko edo ulertzeko ezintasuna eta ikusmenaren asaldura.

Euskadin 6.000 iktus ematen dira urtean, eta 1.400 lagun hiltzen dira horren ondorioz urtero. Emakumeen heriotzen lehenengo kausa da Euskadin, ezintasunen kausa nagusia eta dementziaren bigarrena. Munduan, berriz, 17 milioi iktus berri ematen dira urtero, eta heriotzen bigarren kausa da.

Nabarmentzekoa, orobat, iktusak eragindako pertsonen %55 osatu egiten dela edo ondorio arinak besterik ez dituela izaten. %30ak, aldiz, ezintasunak eragiten dizkien ondorioekin bizirauten du, eta %15 hil egiten da. Horrez gain, ospitaleratze neurologikoen %70 iktusaren ondorioz ematen dira, eta osasun-arloko gastu osoaren %3 eta %6 artean eragiten du.

Berehalako osasun-arreta jasotzeak daukan garrantziaren berri ez izatea eta sintomak ez ezagutzea dira gaixoak larrialdi-zerbitzuetara beranduegi iristearen arrazoi nagusiak. Gaur egun, Euskal Osasun Zerbitzuak gaixotasun honen ondoriozko ezintasunak eta heriotza-kopuruak murrizten dituzten tratamenduak ditu, baina ekiteko irekitzen den leihoa oso estua da.

Horregatik, berebiziko garrantzia dauka Iktus Kodeak. 2004tik aplikatzen den sistema bat da, iktus baten ageriko sintomak dituzten gaixo guztiak ospitale hurbilenean berehala artatzea helburu duena. 112ko eta ospitaletako larrialdi-zerbitzuetako radiologiako, anestesiako eta neurologiako profesional guztiek osatzen dute kodea.

Osakidetza 37 ikerketa-proiektutan dabil lanean

Osakidetzan egiten den iktusari buruzko ikerketaren barruan, une honetan 37 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan, 560.000 eurotik gorako hainbat urtetarako finantzaketarekin. Datu horiek argi erakusten dute iktusarena ikerketa-lerro garrantzitsua dela Osakidetzan.

Datu on horien atzean bi arrazoi argi ditugu: batetik, gaixotasun horien gaineko ezagutza sakona, eta bestetik, Osasun Sailak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa, gure osasunaren inguruko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko (Osasun Ikerketa eta Berrikuntzaren Estrategia 2020).

Bizi-kalitatea hobetzea eta gaixotasunaren eraginak arintzea da ikerketaren helburuetako bat.

Ikerketa proiektu onenentzat bideratuko da dirua

Beste behin, ikerketarako izango da kanpaina honetan biltzen den diru guztia. Euskal gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa funtsezkoak izango dira martxan dauden ikerketak bultzatzeko eta esparru honetako jarduera handitzeko. Horrela, dagoeneko gaur egun euskal herritarren zati handi bati eragiten dieten arazoei konponbideak bilatzeko bideak irekiko dira.

Bestalde, urtero legez, BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak) kudeatuko ditu EiTB Maratoian bildutako fondoak. Fundazioak deialdi publikoa egingo du, ondoko ekintza hauek aurrera eramateko: ikergaiari buruzko ikerketa-proiektu onenen hautaketa eta etorkizunera begira aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoak sendotu.  I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEPek) hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da.