Biriketako minbizia, 2020ko EITB Maratoian | EITB Maratoia
Biriketako minbizia
Gure gizartean heriotza gehien eragiten dituen minbizia da; tabakoa da horren kausa nagusia, baina ez bakarra
Biriketako minbizia da gure gizartean heriotza gehien eragiten dituen minbizia.
Birikak arnas aparatuaren barruan daude, eta arnasketa egiteko ardura daukate. Hau da, arnasbideen bitartez gorputzean oxigenoa sartu eta karbono dioxidoa, alegia, gorputzeko zelulek sortzen duten hondakina, kanporatzen dute.
Organo honetan zelula gaiztoak neurrigabe ugaritzen direnean ematen da biriketako minbizia. Ez bada garaiz diagnostikatzen, metastasia gerta daiteke, eta, kasu horietan, minbizidun zelulak gorputzeko beste atal batzuetara barreiatzen dira.
Azken urteotan, Europan, % 9 jaitsi da biriketako minbiziak gizonen artean eragindako heriotza kopurua, eta % 9 igo da, aldiz, emakumeen artean.
Biriketako minbizia gaixotasun multzo batek sortzen du; bi mota nagusitan bana dezakegu: zelula ez txikietakoa eta zelula txikietakoa. Sailkapen hori tumore-zelulak mikroskopiaren bidez begiratuta egiten da, neurriaren eta beste ezaugarri batzuen arabera. Pronostikoan eta tratamenduan eragina daukanez, kontu garrantzitsua da.
Neurriak, kokapenak, inguruko organoen kalteak eta urrutiko barreiadurak ere eragina daukate pronostikoan eta tratamenduan. Biriketan soilik kokatutako tumoreak tratamendu lokalen bidez osa daitezke (kirurgia edota erradioterapia), eta batzuetan kimioterapiarekin konbina daitezke. Beste organo batzuetara barreiatu diren tumoreak, zoritxarrez, ohikoenak izaten dira, eta orokorrean, ez dago horiek osatzeko tratamendurik. Kasu horietan, bizialdia luzatzea eta bizi-kalitaterik onena lortzea izaten dira helburu nagusiak.
Kausak
Tabakoa da biriketako minbiziaren eragile nagusia. Tabakoaren kea, kartzinogenoen kontzentrazio handiarekin, zuzenean airearekin nahasten da, eta erretzaileek zein ez erretzaileek arnasten dute. Erretzeari utzitakoan nabarmen jaisten da patologia hau zein bestelako gaixotasun batzuk izateko arriskua.
Tabakoaz gain, maila apalagoan bada ere, gaixotasun hau eragin dezaketen beste faktore batzuk daude:
-Marihuana: marihuanazko zigarroek tabakozko zigarroek baino alkitran gehiago daukate. Horrez gain, kea sakon arnastu eta biriketan denbora luzez mantentzen da.
-Airearen kutsadura: zenbait hiritan, airearen kutsadurak biriketako minbizia izateko arriskua apur bat handitu dezake. Aukera hau tabakismoaren ohiturak eragindakoa baino apalagoa da.
-Kartzinogenoekiko esposizioa: amiantoa izan daiteke biriketako minbiziarekin loturiko substantzia industrialik ezagunena, baina beste asko daude, hala nola uranioa, artsenikoa, petrolioaren zenbait deribatu, etab.
-Radonaren eraginak: radona gas erradioaktiboa da, harrietan eta lurzoruan egoten da eta radioaren desegite naturalaren ondorioz sortzen da. Ikusezina eta usaingabea denez, gasarekiko esposizioa zehazteko neurketak egin behar dira. Gainera, radonarekiko esposizioari zigarroa gehituta, biriketako minbizia jasateko arriskua nabarmen handitzen da. Horrenbestez, erretzaileentzat are arrisku handiagoa da radonaren eraginpean egotea.
-Aurrejoera genetikoa: gauza jakina da DNAren mutazioek (aldaketek) minbizia eragin dezaketela, onkogeneak aktibatzen badituzte edo gene tumore-ezabatzaileak geldirik mantenarazten dituztenean. Zenbait pertsonak DNAren mutazioak heredatzen dituzte gurasoengandik, eta horrek minbizia jasateko arriskua nabarmen handitzen du.
-Lanean minbizia sortzen duten eragileak: arriskua duten lanbideen artean meatzariak ditugu, mineral erradioaktiboak, uranioa esate baterako, arnasteko arriskua baitute, bai eta produktu kimikoen eraginpean dauden langileak ere, hala nola artsenikoa, binil kloruroa, nikel kromatoak, ikatzaren produktu deribatuak, mostaza-gasa eta eter klorometilikoak.
Mineralekiko beste mota bateko esposizioak: silikosia edo beriliosia daukaten pertsonek (mineral jakin batzuk arnasteagatik hartutako biriketako gaixotasunak) biriketako minbizia izateko arrisku handiagoa daukate.
-Talko-hautsekiko esposizioa: talkoarekin lan egiten duten meatzari eta errotariekin egindako zenbait ikerketaren arabera, langile horiek gaixotasuna izateko arrisku handiagoa daukate, kalitate industrialeko talkoaren eraginpean egon direlako. Hauts honek, bere egoera naturalean, amiantoa izan dezake.
-Inflamazio errepikatua: tuberkulosiak eta pneumonia mota batzuek orbainak utzi ohi dituzte biriketan. Orbain horien ondorioz, adenokartzinoma izeneko biriketako minbizia izateko arriskua handiagoa da.
-A bitamina gehiegi edo gutxiegi: A bitamina nahikorik jasotzen ez duten pertsonek biriketako minbizia izateko arrisku handiagoa daukate. Bestalde, A bitamina gehiegi hartzeak ere arriskua handitu dezake.
Alerta pizteko sintomak
Biriketako minbizia daukaten pertsonek hainbat sintoma izan ditzakete, ohikoagoak edo ezohikoagoak, medikuarenera joateko alerta pizt dezakete. Hala ere, zenbait kasutan, gaixotasun onberek izaten dituzten sintoma berdinak dira, eta horrek diagnostikoa atzeratu dezake.
Sintoma hauetako edozein baduzu, komeni da medikuarenera joatea, eta bera arduratuko da balorazioa eta beharrezko probak egiteaz:
-Eztul etengabea
-Min iraunkorra bularrean, arnasa hartu edo eztul egitean.
-Karkaxak odolarekin edo metal herdoilduaren kolorekoak.
-Txistuak edo zaratak arnasa hartzean.
-Marranta edo ahots aldaketak.
-Nekea, gose falta edo pisu galera.
-Hezurretako mina.
Tratamendua
Azken urteotan, biriketako minbiziaren biziraupen-maila apur bat hobetu da, hainbat faktoreren ondorioz, besteak beste, gaixotasunaren tratamenduen inguruko alderdietan eman diren aurrerapenei esker.
-Lokalizatutako gaixotasuna sendagarria izan daiteke. Tratamendu lokalek, hala nola gaixotasunaren etapa goiztiarretan aplikatzen diren kirurgiak eta erradioterapiak, aurrerapen handiak izan dituzte azken urteotan.
-Gaixotasunaren fase aurreratuagoetan, helburua ez da osatzea, baizik eta bizitza luzatzea, ahalik eta kalitate handienarekin. Horretarako, gaixotasunaren sintomak arintzeko tratamenduak eta minbiziaren kontrako terapiak aplikatzen dira. Duela zenbait urtera arte, tratamendu horiek, funtsean, kimioterapiara mugatzen ziren.
Azken garaiotan, biriketako minbizia aurreratua duten eta beste tratamendu-estrategia batzuk jasotzen dituzten gaixoen taldeak identifikatu dira. Horien artean daude terapia gidatuak eta immunoterapia.
Prebentzioa
Biriketako minbizia guztien % 80 bizi-estilo osasuntsuen bidez saihestu daitezke, hau da, norbere esku dauden neurrien bidez.
-Arrisku-faktore nagusia ezin hobeto ezagutzen dugu: tabakoa. Arriskua handitu egiten da zigarro kopuruarekin, tabakismoaren ohiturarekin emandako urteekin eta tabakoaren kearekiko izandako esposizio pasiboarekin.
-Hala ere, biriketako minbizi guztiak ez dira erretzaileen artean ematen.
-Erretzeko ohitura 40-50 urtekoen artean jaitsi egin da. Nolanahi ere, adin-tarte txikiagoetan ez da jaitsierarik ikusten, eta ez da azken hamarkadan tabakoaren kontsumoa arautzeko abian jarritako neurrien eraginik nabaritzen. Hor argi ikus daiteke zein garrantzitsua den haurrei eta gazteei gaixotasun honen inguruko prestakuntza eta informazio argia ematea, biriketako minbiziaren arrisku-faktore nagusiari ez heltzeko erabakia haien esku baitago.
-Maila pertsonalean, EZ ERRETZEA DA NORBERE OSASUNARI ETA GIZARTEARI LAGUNTZEKO MODURIK MERKE ETA ARDURATSUENA.
Ikerketa
Une honetan, arlo hauekin zerikusia duten PROIEKTUAK ETA IKERKETAK DAUDE MARTXAN:
-Biriketako minbizia tratatzeko osasun-sistema publikoko baliabideen kostuari buruzko proiektuak, eta fasearen araberako batez besteko biziraupen kopuruari buruzkoa.
-Biomarkagailuei buruzko azterketak, biriketako minbiziaren diagnostiko goiztiarra hobetzeko.
-Espainian biriketako minbiziaren epidemiologia deskriptiboari buruzko ezagutzan sakontzeko azterketak, bai eta datu klinikoak, diagnostikoak, jasotako tratamenduak eta faktore pronostikoak hobetzeko ere.
-Biriketako minbiziaren eta asbestoen arteko harremanari buruzko ikerketekin loturiko azterketak.
-Medikamentuekin egindako azterketak, gaixotasunaren tratamenduari begira. Ikerketa horietan, Osakidetzak Osasun Ikerketak egiteko dituen hiru institutuek (Biodonostia, Bizkaiko Biocruces eta Bioaraba) parte hartzen dute. Ia proiektu guztiak lankidetzan egiten dira osasun-sarearen barruan, baita Ikerbasqueko zein enpresa pribatuetako (EAEkoak, estatukoak edo nazioartekoak) ikerlarien esku-hartzearekin ere.
Euskal Biobankua: ikerketarako ezinbesteko tresna
Biobankuak ikerketarako funtsezko tresnak direla azpimarratu behar da, eta gaixoei aukera ematen dietela zientziaren aurrerapenean laguntzeko. Euskadin, Euskal Biobankua da Osasun Sistema Publikoak ikerketa biomedikoari laguntzeko eskura daukan tresna.
Biriketako minbizia Euskal Biobankuan presente dauden 812 patologietako bat da.
orain albiste
albisteak
Erlazionatutako edukiak:
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
Kirola
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa