Alzheimer gaixotasunaren inguruko informazio orkorra | EITB Mararoia

EiTB MARATOIA

Gaixotasunaren inguruko datuak

Alzheimerra

Alzheimerra neuronen endekapenezko gaixotasuna da; horrek esan nahi du neuronak suntsitzen direla, funtzio kognitiboen mailaz mailako eta erabateko narriadura ekarri arte.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali
Alzheimerra neuronen endekapenezko gaixotasuna da; horrek esan nahi du neuronak suntsitzen direla, funtzio kognitiboen mailaz mailako eta erabateko narriadura ekarri arte (oroimen-galera, hitz egiteko zailtasunak, orientazio eza eta eguneroko jarduerak burutzeko arazoak). Nahaste kronikoa eta mailaz mailakoa da.

Alzheimerraren eraginez, gaixoaren aldartea eta portaera nabarmen aldatzen dira. Horrez gain, eguneroko eginbeharrak egiteko gaitasuna ere kentzen dio.
Alois Alzheimerrek gaixotasunaren berri eman zuela ia 100 urte igaro badira ere, oraindik oso zaila da diagnostiko goiztiarra egitea. Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun aurrean dugun erronka nagusia.

Narriadura kognitibo arina dementziaren aurreko fasea da. Oroimenean hainbat arazo nabaritzen hasiak dira fase horretan daudenak, neurri batean bizitza zailtzen dieten nahasteak, alegia. Bada, gaixotasunak aurrera egin baino lehen diagnostikatzeak izugarrizko garrantzia du.

Gaur egun baliabide anitz ditugu eskura Alzheimerra zein beste dementziaren bat duen pazientea bizirik dagoen artean espezialistak emandako diagnostikoa berresteko: batetik, oroimenaren eta hitz egiteko eta arrazoitzeko gaitasunaren behaketa neurologikoa eta neuropsikologikoa; eta bestetik, markatzaile biologiko eta genetikoen azterketa.

Arestian esan bezala, Alzheimerrak nortasun aldaketa ugari eragiten dio gaixoari, baita portaeraren hainbat gorabehera ere. Gainera, gaixotasunak aurrera egin ahala, pentsatzeko, gogoratzeko, ikasteko eta arrazoitzeko gaitasunak galtzen doa: azkenean, Alzheimerrak ingurukoen guztiz mende jartzen du gaixoa, ezertarako gai ez dela.

Azken hamarkada honetan, hilkortasun-tasa igotzen gehien lagundu duten gaixotasun multzoak buruko gaitzak eta nerbio-sistemari eragiten diotenak dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan Alzheimerraren ondorioz hil direnen kopurua bikoiztu egin da azken hamar urteetan (2009an 636 izan ziren, hamar urte aurrerago, ordea, 304).

Dementziaren bat duten 65 urtetik gorako adinekoen artean, gehienek Alzheimer motako dementzia dute. Gainera, adin horretatik aurrera, gaixotasunaren prebalentzia-tasa urteekin biderkatu egiten da. Bizi-itxaropena luzatzearekin eta biztanleriaren etengabeko zahartzearekin batera, Alzheimer gaixoen kasuak nabarmen igoko direla ematen du, gaixotasuna epidemia bihurtu arte.

Espainiako Neurologia Elkartearen datuen arabera, estatu espainiarrean 600.000tik gora lagunek daukate Alzheimerra, eta diagnostikatu gabeko beste 200.000 kasu inguru daudela kalkulatzen da. Kopuru horiek 3,5 milioi pertsonaren eguneroko bizitzan daukate eragina, gaixoen senide eta zaintzaileak aintzat hartuta.

Gaixotasunaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko atxikitako dokumentuan sartu.


  • Elkarteak

    eitb maratoia

    Telefonoa: 902 54 25 25

    Kontu korrontea:

    Kutxabank - 2095 0611 00 9109513824