EiTB Jaia 2019
Festa erraldoia
2019ko EiTB Jaia urriaren 12an izango da, Barakaldoko BECen
EITB
Publiko guztientzako programazio zabala izango du: Hiru3 Jaia, 'Go!azen 6.0' aurrestreinaldia, Oholtzan eta Imagin Gaztea (Rural Zombies + Izaro + Belako). EiTB Maratoiari babesa eskainiko zaio.
Aurtengo EiTB Jaia urriaren 12an egingo da, Barakaldoko BECen. EiTB taldeak urtero antolatzen duen ekimena da hau: 14 orduko festa, euskaraz. Aurten, gainera, izaera sozial berezia izango du, EiTB Maratoiarekin bat egingo baitu jaiak. Hala, egun osoan zehar izango diren jardueretan bildutako dirua haur minbizia ikertzera bideratuko da.
Urtero bezala, programazio eskaintza zabala izango du EiTB Jaiak, publiko guztientzat: haur eta familiak, nerabeak, gazteak eta helduak.
Hala, 4 ekitaldi handi izango dira egunean zehar, guztiak BECen eta adin tarte bakoitzari egokituta:
1. Hiru3 Jaia: 2. pabiloian, 11:00etatik 17:00etara. Sarrera librea eta doakoa. Hiru3 klubaren jaia da hau, eta haur eta familiei dago zuzenduta. Guztira, 10.000 metro karratu izango ditu, txikientzako eskaintza zabalarekin: tailerrak, ludoteka, puzgarriak, pista amerikarra, laser labirintoa, sormen eta atsedenerako guneak, fanzona (telebista marrazki bizidun ezagunenenekin) eta ikuskizunen gunea. Bertan, 'Ene kantak', 'Kantu Kolore' eta 'Go!azen' taldeek emanaldia eskainiko dute. Guztira, 20 espazio jarduera eta ikuskizunekin, etenik gabe, eta doan.
2. 'Go!azen 6.0' denboraldi berriaren aurrestreinaldia: 4. pabiloian, CUBEC! aretoan, 17:30ean. Bertan egoteko, sarrera erosi beharko da eta sarrera horrekin ekarpena egingo zaio 2019ko EiTB Maratoiari. 'Go!azen 6.0' telesailaren denboraldi berria udazkenean hasiko da ETB1en, aktore berriekin. Telebistako emanaldia baino lehen, baina, lehen atalaren aurrestreinaldia pantaila handian ikusteko aukera izango da, urriaren 12an, EiTB 2019 jaiaren barruan. 'Go!azen'en abentura berrien hasiera BECen ikusteko sarrera erosi beharko da, eta sarrera horrekin, gainera, ekarpena egingo zaio aurtengo EiTB Maratoiari, haur minbizia ardatz izango duen edizioan. Hala, aurrestreinaldiko sarrerek 3 euroko prezioa izango dute (BEZa eta gastuak barne), eta horietatik 2 euro ikerkuntzara bideratuko dira. Sarrerak salgai daude EiTB Jaiaren webgunean.
3. Oholtzan Jaia: 2. pabiloian, 20:30ean. Sarrera librea eta doakoa. 2019ko EiTB Jaian Oholtzan saioaren grabazio berezia egingo da (ETB1en ikusgai izan ohi da Oholtzan, larunbat gauero). BECeko emanaldi berezi honetan hainbat zuzeneko ikuskizun izango dira: Los Txikis, Bankako Menditarrak eta Puro Relajo taldeak. Horrez gain, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Koruko eta Atarrabiako Paz de Ziganda Helduen Abesbatzako kideek abestuko dute, eta Aitor Mendiluze bertsolaria eta Jaione Olazabal abeslaria ere izango dira taula gainean. Dantza taldeak ere ez dira faltako hitzordu berezi honetan: Andoni Aresti dantza eskolako kideak eta Jose Mari Orbegozo Dantzaki eskolako dantzariak. Ilaski Serranok eta Ibon Fernandezek aurkeztuta, gaua dantzaz eta doinuz jantziko dute guztiek: bertsoak, abesti tradizionalak, mariatxiak, bilbainadak, euskal dantzak… Larunbat gaueko ikusleek ondo dakiten bezala, abestea, dantzatzea eta ondo pasatzea da asmoa.
4. Imagin Gaztea Kontzertua: Rural Zombies + Izaro + Belako: 4. pabiloian (CUBEC! aretoan), 22:00etatik aurrera. Bertan egoteko, sarrera erosi beharko da. Imagin Gaztea Kontzertuarekin bukatuko da aurtengo EiTB Jaia BECen, eta hiru talde izango dira CUBEC aretoko taula gainean: Rural Zombies, Izaro eta Belako. Gaztea irratiak antolatutako kontzertuak dira, imaginBank-en babesarekin. Sarreren prezioa 12 eurokoa izango da eta sarrerarekin, gainera, ekarpena egingo zaio 2019ko EiTB Maratoiari, sarrera bakoitzeko 3 euro maratoiarentzat izango baitira. Haur minbizia da aurtengo maratoiaren ardatza. Sarrerak salgai daude EiTB Jaiaren webgunean.