Itxi

X-eitb jaia-X

X-eitb jaia-X

EiTB Jaia 2019

Urriaren 12an

Belako, Izaro eta Rural Zombies, IMAGIN GAZTEA kontzertuan

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

Emanaldia 22:00etan hasiko da, EiTB Jaiari amaiera emateko.

  • Imagin Gaztea kontzertuak

    Imagin Gaztea kontzertuak

Imagin Gaztea kontzertuarekin bukatuko da aurtengo EiTB Jaia BECen, eta hiru talde izango dira CUBEC aretoko taula gainean: Rural Zombies, Izaro eta Belako. Gaztea irratiak antolatutako kontzertuak dira, imaginBank-en babesarekin.

Sarreren prezioa 12 eurokoa da, eta ekarpena egingo zaio 2019ko EiTB Maratoiari, sarrera bakoitzeko 3 euro maratoiarentzat izango baitira. Haur minbizia da aurtengo maratoiaren ardatza. Sarrerak salgai daude EiTB Jaiaren webgunean.

Belako

Josu Ximun Billelabeitia (gitarra), Lore Billelabeitia (baxua), Lander Zalakain (bateria) eta Cris Lizarraga (ahotsa) dira Belako.

Nazioartean oihartzun handia lortu duen taldea da Mungiakoa, eta hainbat sari jaso ditu: RNEren El Ojo Crítico, Rolling Stone saria, Iberian Music Awards saria penintsulako zuzenekorik onenarentzat eta Min sariak (artista onena, zuzeneko onena eta bideoklip onena). Halaber, izendapena jaso zuen MTV sarietan eta Musika Kritikoen Elkartearen Ruido sarietan.

Izaro

Eason diskoa, Izaroren bigarren lana, urteko diskoetako bat da. 2018ko martxoaren 8an antzoki handietara egin zuen salto Mallabiako abeslariak: Arriaga Antzokian eta Victoria Eugenian aritu zen zuzenean, eta sarrerak agortu zituen. Ondoren, arrakastaz arrakasta jarraitu zuen Gasteizen, Madrilen, Bartzelonan… Bira luzea izan zen (tartean sei zuzeneko Mexikon), eta sortutako aurreikuspenak bete zituen.

Rural Zombies

Julia (ahotsa eta sintetizatzaileak), Manu eta Luken (gitarrak), Marcos (baxua) eta Aratz (bateria) dira Rural Zombies, eta Zestoan sortu ziren, 2014an.

Gazteak izan arren, guztiak izan dira aurretik beste talde batzuetan eta bestelako estilo batzuk jorratzen, eta taula gainean trebetasun handia erakutsi dute. ‘BAT’ diskoak harrera handia izan zuen publikoan eta prentsa munduan, eta 2018ko urtarrilean kaleratu zuten "From home to Hospital St." Izeneko bigarren lana.

BEC-eko hau Euskadin emango duten azken zuzenekoa izango da, Imagin Gaztearen eskutik.

2019ko EiTB Jaia urriaren 12an izango da, Barakaldoko BECen

Aurtengo EiTB Jaia urriaren 12an egingo da, Barakaldoko BECen. EiTB taldeak urtero antolatzen duen ekimena da hau: 14 orduko festa, euskaraz. Aurten, gainera, izaera sozial berezia izango du, EiTB Maratoiarekin bat egingo baitu jaiak. Hala, egun osoan zehar izango diren jardueretan bildutako dirua haur minbizia ikertzera bideratuko da. Urtero bezala, programazio eskaintza zabala izango du EiTB Jaiak, publiko guztientzat: Haur eta familiak, nerabeak, gazteak eta helduak.

Hala, 4 ekitaldi handi izango dira egunean zehar, guztiak BECen eta adin tarte bakoitzari egokituta:

Hiru3Jaia: 2. pabiloian, 11:00etatik 17:00etara. Sarrera librea eta doakoa.

'Go!azen 6.0' denboraldi berriaren aurrestreinaldia: 4. pabiloian, CUBEC! aretoan, 17:30ean. Bertan egoteko, sarrera erosi beharko da eta sarrera horrekin ekarpena egingo zaio 2019ko EiTB Maratoiari.

Oholtzan Jaia: 2. pabiloian, 20:30etik aurretik. Sarrera librea eta doakoa.

Imagin Gaztea Kontzertua: Rural Zombies + Izaro + Belako: 4. pabiloian (CUBEC! aretoan), 22:00etatik aurrera. Bertan egoteko, sarrera erosi beharko da, eta sarrera horrekin ekarpena egingo zaio 2019ko EiTB Maratoiari.