09:59

eguraldia

Eguraldi iragarpena

Euria eta elurra 500 metrotik gora izango dira ostegun honetan

Agentziak | Erredakzioa

Ostiralean hobera egingo du eguraldiak; dena dela, Abisu Horia egongo da indarrean muturreko tenperatura hotzengatik barnealdean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, ostegun honetan, otsailaren 18an, euria eta elurra 500 metrotik gora izango dira berriro. Egunaren lehen partean, sarri egingo du, eta leku gehienetan bustiko du. Arratsaldean, zaparradak tartekatuagoak izango dira, eta kostaldean botako du gehien; gainera, kostaldean baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra egitea. Elur-kota 500-600 metrora arte jaitsiko da.

Ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, bolada oso zakarrarekin kostaldean. Tenperatura minimoak igo egingo dira, eta mendi inguruetan eta Arabako zenbait lekutan soilik egingo du izotza. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez. Hiriburuetan, Bilbon, 6 gradu espero dira gutxienez eta 10 gehienez; Donostian, 5 gutxienez eta 9 gehienez; Gasteizen, 0 gutxienez eta 6 gehienez, eta Iruñean, 0 gutxienez eta 6 gehienez.

Itsasoan ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 5-6ko indarrarekin, eta itsaski handia edo itsaso zakarra izango da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 eta 3 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 12:58an izango da, eta itsasbehera 18:48an. Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da, eta lau eta hamar kilometro arteko ikuspena izango da.

Ostiralean, hobera bidean

Ostiralean, hobera egingo du eguraldiak. Goizaldean eta goizeko lehen orduetan, zaparrada batzuk bota ditzake ipar isurialdean, bereziki kostaldean. Gainerako orduetan, hodeiak eta urdingune zabalak tartekatuko dira zeruan, eta zerua nahikoa garbi egongo da barnealdean.

Elur-maila 500 metro inguruan egongo da goizaldean, baina 800 metrotik gora igoko da eguerdi partean.

Mendebaldeko haizea ibiliko da goizean, eta norabide aldakorrekoa arratsaldean. Tenperaturan, ez dugu gorabehera handirik espero; balio altuenak 10-12 ºC artekoak izango dira kostaldean, eta 5-8 ºC artekoak barnealdean. Egunsentian, baliteke Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egitea.

Hori dela eta, abisu horia egongo da indarrean muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik barnealdean 00:00etatik 10:00etara ordu lokala. Goizaldean eta goizean goiz izotz txikia egingo du barnealdean, Arabako zenbait lekutan handia.

Iruzkinak