Teknologia -
New York, urpean
Twitter, 'Sandy' urakanaren kalteak pairatu dituztenen zerbitzura
Sare sozialak kontu batzuk iradoki ditu, larrialdi egoeretan informazioa denbora errealean lortzeko. Une kritikoetan Twitter erabiltzeko aholkuak ere eman ditu.
Erredakzioa
Astelehen honetatik aurrera, Twitterrek sareak Estatu Batuetan dituen erabiltzaileentzako "traola" jakin batzuk jarri ditu informazioa eman ahal izateko eta ‘Sandy’ urakanarekin zerikusia duten datuak gertutik jarraitzeko. Twitterrek kontu batzuk iradoki ditu, informazioa denbora errealean lortzeko; krisi garaian Twitter erabiltzeko moduaren inguruko aholkuak ere eman ditu.
Internetera sartu ahal izan ezean ere, erabiltzaileek Twitterreko informazio hori mugikorrean jaso ahalko dute. Larrialdien aurreko Agentzia Federalak eta AEBetako Gurutze Gorriak Twitterreko euren kontuetan ematen duten informazioa mugikorrean jasotzea ahalbidetzen diete erabiltzaileei, mezuen bitartez, interesdunek sare sozialean konturik ez izan arren.
Mezuen zerbitzu horretan alta emateko, mezu bat bidali behar da, Twitterren blog ofizialean irakur daitekeen telefono zerbitzura, erabiltzailearen kontuaren izena bidaliz.
Ordenagailuaren bitartez, Twitterren saioa irekita ere aktiba daiteke zerbitzua. Alta emateko, erabiltzaileak bere izenaren gainean klik egin besterik ez du egin behar, eta, ondoren, jarraitu nahi duen kontuan gauza bera egin. Halaber, "Mugikorreko jakinarazpenak aktibatu" aukera sakatu beharra dago. Hortik aurrera, jarraitzen duen kontuan "txio" bat argitaratzen den bakoitzean, mezu bat iritsiko zaio mugikorrera.
Urakanak eragindako larrialdien inguruko informazioa ematen duten kontuen artean, besteak beste, @femaespanol (informazioa gazteleraz eskaintzen duen Larrialdiak Maneiatzeko Agentzia Federala) eta @NOA (Ozeanoaren eta Afmosferaren Administrazio Nazionala) daude.