Teknologia -
Uztailaren 26tik 29ra
Euskal Encounterrek "robot artean" ospatuko du bere 20. urteurrena
Partaideek 20 gigabiteko konexio-abiadura izango dute eskura, horrelako ekitaldietan eskaintzen duten abiadura baino askoz ere handiagoa.
Erredakzioa
Robotikak inoiz baino presentzia gehiago izango du Euskal Encounter topaketaren 20. edizioan, uztailaren 26tik 29ra bitartean, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Aurten, gainera, bisitarien egonaldia erosoagoa izan dadin, guneen kokapena berrantolatu da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Beste behin ere, nazioartean erreferentziazkoa den topaketa honek parte-hartze arrakasta handia lortu du, 4.096 eserlekuak duela zenbait hilabete bete baitziren, eta antolatzaileek itxaron zerrenda itxi behar izan dute, jada partaide gehiegi aurkeztu direlako. Denera, 6.000 parte-hartzaile inguru elkartuko ditu topaketak.
Horrez gain, milaka bisita espero dituzte antolatzaileek, kontuan izanda iaz 16.000 pertsona gerturatu zirela 35.000 metro koadroko aretora. Partaideek 20 gigabiteko konexio-abiadura izango dute eskura, horrelako ekitaldietan eskaintzen duten abiadura baino askoz ere handiagoa, eta etxeetan izan ohi dena baino milaka aldiz azkarragoa.
VEX roboten lehiaketak
Euskal Encounterren 20. urtebetetzean robotika izango da nagusi. Ikusmin handia sortu dute irratiz kontrolatutako VEX roboten lehiaketek, eta norgehiagokan arituko dira futbolean, boleibolean eta saskibaloian. Robot hezitzaileen erakustaldiak ere gauzatuko dira, baita tailer anitz ere.
Bideojokoek ere presentzia garrantzitsua izango dute egitarauan. Online jokalarien komunitate azpimarragarrienetako batzuk parte hartuko dute topaketan, eta euren jokoak ekartzeaz zein lehiaketak antolatzeaz arduratuko dira.