Teknologia -
Sinde Legea
Egileek deskargen webguneak salatu ditzakete dagoeneko
Webgune batek egile baten lanak baimenik gabe eta irabaziak lortzeko helburuarekin erabiltzen baditu, egileak salaketa aurkez dezake Jabetza Intelektualaren Batzordean.
Erredakzioa
Gaurtik aurrera, webgune batek egile baten lanak baimenik gabe eta irabaziak lortzeko helburuarekin erabiltzen baditu, egileak salaketa aurkez dezake Jabetza Intelektualaren Batzordean eta webgunea urtebetez ixtea lor dezake.
Izan ere, gaur sartuko da indarrean Sinde Legea, Jabetza Intelektualaren Batzordean bigarren sekzio bat sortuko duen auraudia. Ondareari kalte egiten dioten edo jabetza intelektuala urratzen duten webguneen kontrako sistema administratibo-judizial bat izango da.
Interneten pirateriari aurre egiteko neurri gisa onartu dute, eta egile askok txalotu duten arren, Internet erabiltzaileek gogor kritikatu izan dute, eta Auzitegi Gorenean helegitea ere aurkeztu zuten.
Egileek jabetza intelektualaren eskubidea defendatu ahal izango dute aipatu batzordean eta, erakunde horrek prozedura ireki ala ez erabakiko du. Prozedura irekitzen badu, 20 egunetik hiru hilabetera arteko epea izango du erabakia hartzeko.
Egileek deskargetara loturak eskaintzen dituzten webguneak ere salatu ahal izango dituzte. Izan ere, orain, loturak eskaintzen dituzten webguneen arduradunek ezingo dute argudiatu ez zekitela loturen helburu diren webguneek legea urratzen dutela.
Prozedura horretan, epaileek bi momentutan esku hartzen dute: salatzaileak ez badu ustezko lege urraketa identifikatzeko modurik eta legez kanpoko edukiak erretiratzea edo webgunea bertan behera uztea agindu behar denean.