Teknologia -
Zurrumurruen ostean
Facebookek burtsan sartzeko dokumentazioa aurkeztu du
AEBetako Baloreen Merkatuko Batzordeari aurkeztutako dokumentuen arabera, sare sozialak "FB" sinboloarekin kotizatu nahi du eta Morgan Stanley bankuarekin iritsiko da Wall Streetera.
Erredakzioa
Facebook sare sozialak burtsara ateratzeko salmenta eskaintza publikoa egin du eta, helburua, 5.000 milioi dolar eskuratzea da.
AEBetako Baloreen Merkatuko Batzordeari aurkeztutako dokumentuen arabera, sare sozialak "FB" sinboloarekin kotizatu nahi du eta Morgan Stanley bankuarekin iritsiko da Wall Streetera.
JPMorgan Chase, Goldman Sachs, Bank of America, Barclays eta Allen & Co erakundeek sare sozialaren burtsara irteeran parte hartu lezakete. Facebookek aurkeztutako dokumentazio horren arabera, sare sozialak egunean 845 milioi erabiltzaile ditu.
Facebookek aurtengo bigarren hiruhilekoan kotizatzen hasi nahi du, baina oraindik ez dute zehaztu New Yorkeko (NYSE) burtsan edo munduk teknologia enpresa handienak dauden Nasdaq merkatuan arituko diren.
Merkatura aterako dituzten akzio kopurua eta prezioa ere ez dute iragarri, baina 2011ko emaitza ekonomikoei buruzko informazioa zabaldu dute. Horrela, iaz 3.700 milioi dolarreko diru-sarrera eta 1.000 milioiko irabazi garbi izan zituela esan du sare sozialak.