Teknologia -

MegaUploaden itxiera

MegaUploadeko fundatzaileak beste egun bat emango du espetxean

Bestalde, gaur ezagutu da polizia operazioan beste bi pertsona atxilotu zituztela Europan.

Kim Schmitz MegaUploadeko fundatzailea. EFE
Kim Schmitz MegaUploadeko fundatzailea. EFE
Megauploadeko fundatzaileak espetxean jarraituko du

00:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zeelanda Berriko Justizia Auzitegi batek aztertu egin du gaur Kim Schmitz MegaUpload webguneko fundatzailearen askatasun eskaera, eta bihar edo etzi jakinaraziko du erabakia. Horrenbestez, gutxienez beste egun bat eman beharko du kartzelan.

Schmitz behin-behineko espetxealdi egoeran dago MegaUpload webgunea itxi zutenetik. AEBek estraditatzea eskatu dute, pirateria informatikoa egotzita.

Fundatzailearekin batera, FBIk beste hiru pertsona atxilotu zituen: Finn Batato webguneko teknikariburua (38 urtekoa), Mathias Ortman (40 urtekoa) eta Bram van del Kolk kofundatzailea (29 urtekoa).

Hiru horiek ere behin-behineko espetxealdian jarraituko dute.

Gaurko saioan, Schmitzen abokatuak esan du polizia operazioa "bortitza eta neurrigabea" izan zela, eta Kim Dotcom (bere bezeroaren ezizena) enpresaburu arduratsua eta "familia gizona" dela. Are gehiago, haren emaztea haurdun dagoela eta bikiak espero dituela argudiatu du.

Bere aldetik, Anne Toohey fiskalak adierazi du Dotcom aske uztea "oso arriskutsua" dela, herrialdetik ihes egiteko baliabideak baititu. Horren ildotik, helikoptero bat eta nortasun ezberdinekin hainbat pasaporte legal dituela aipatu du.

Beste bi atxiloketa Europan

Bestalde, fiskalak jakinarazi du polizia operazioan beste bi pertsona atxilotu zituztela Europan. Datu hori ez zen ezaguna orain arte.

Hain zuzen ere, atzemandakoak Sven Echternach 39 urteko alemaniarra eta Andrus Nomm 32 urteko eslovakiarra dira.

Zeelanda Berriak atxilotutako guztiak AEBetara estraditatzea onartuko balu, krimen antolatua, dirua zuritzea eta jabego eskubideak urratzea delituei aurre egin beharko liekete.

Delitu horiekin errudun jotzen badituzte, 50 urte arteko espetxe zigorra ezarriko diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea