Teknologia -
Steve Jobs hil da
Mundua Steve Jobs gabe: Nor izango da teknologiaren hurrengo erregea?
Larry Page? Mark Zuckerberg? Tim Cook? Steve Ballmer? Meg Whitman?
Erredakzioa
Steve Jobsen heriotza-k Silicon Valleyko tendentzia sortzaile nagusiaren desagerpena ekarri du.
Teknologiaren munduko tronua hutsik dago, eta badirudi nekez beteko dela epe labur edo ertainean. Larry Page (Google), Mark Zuckerberg (Facebook), Tim Cook (Apple) eta Meg Whitman (eBay-ko presidente ohia eta orain Hewlett-Packard-en) eragin handikoak dira, maisuak sektorean, baina ez dituzte Steve Jobs-en bertuteak.
Izan ere, Jobs ameslaria zen, karisma handikoa, eta bere produktuak milioika saltzeko gaitasuna zuen. Hots, haren bikaintasuna ez zen produktuaren diseinuan eta sorkuntzan amaitzen.
Orain, Apple Tim Cooken esku dago. Steve Jobsen gertukoa da (hark proposatu zuen izendapena), baina ez du haren distira. iPhone 4S berriaren aurkezpen ekitaldia, adibidez, ez zen izan Jobsen garaikoak bezain harrigarria. Jobsek denak txundituta uzteko ahalmen handia zuen. Cookek, ez.
Appletik kanpo, izen garrantzitusena Larry Page Googleko kofundatzailearena da. Silicon Valleyko hurrengo gurua izateko aukera gehien dituena.
Konpainia teknologiko arrakastatsuenetako baten burua da eta berrikuntzak sortzeko eta sektorean eragina izateko ahalmen handia dauka. Nolanahi ere, ez da ekitaldi publiko handien lagun, eta barnerakoitzat jotzen dute. Han gabezia dauka, Steve Jobsekin alderatuta.
Berdin Mark Zuckerbergen kasuan. Oso gaztea da (27 urte), oso ospetsua (pelikula bat eta guzti egin diote, The Social Network) eta sare sozial bat, Facebook, milioika dolar irabazteko gai den negozioa bihurtu du.
Bi traba ditu hurrengo 'erregea' izateko: Haren komunikazio ahalmena oso eskasa dela eta Facebooken jarduera oso mugatua dela (Googlek eta Applek, esaterako, hainbat sektoretan sartu dute eskua).
Meg Whitman eskarmentu handiagokoa da. eBay-ko presidente izan zen, eta orain Hewlett-Packard-en (HP) dago, baina konpainia hori kinka larrian dago une honetan, eta telefonoen eta taula ordenagailuen sektorean porrot egin du. Beraz, ezin da teknologiaren sektoreko itsasargia izan.
Yahoo ere ez dago une onean. Ez da gauza mozkinak hazteko, eta konpainian ez dago lidergo garbirik, batik bat Carol Batz buruak irailean dimititu eta gero.
Zurrumurruen arabera, administrazio kontseilua konpainia Microsofti (egoitza ez du Silicon Valleyn, Seattlen baizik) saltzea aztertzen ari da.
Hala bada, Steve Ballmer Windowsen konpainiako kontseilari delegatua ere ager daiteke hurrengo guruen zerrendan. Bere kasuan, baina, Tim Cooken arazo berbera dauka: aitzindari baten (Bill Gates) itzalean dago.
Horrenbestez, Steve Jobsen tronuak hutsik jarraituko duela dirudi. Oraingoz behintzat.