Teknologia -
Steve Jobs hil da
Steve Jobsen heriotzari aurre egitea izango da Appleren erronka
Datozen bizpahiru urteetan Appleren estrategia Steve Jobsek zuen egitasmoari erabat lotuta egongo dela espero da.
Erredakzioa
Steve Jobsen heriotzak umezurtz utziko du bere sorkuntza nagusia, Apple konpainia. Jobsek bere amets teknologikoen moldean eraiki zuen enpresa eta orain, buruzagiaren heriotzari egin beharko dio aurre.
Heriotza kolpe gogorra bada ere, kontuan izan behar da Apple AEBetako bigarren enpresa baliotsuena dela gaur egun, izan ere, urtero irabaziak bikoizten ditu eta bere produktuek sektore guztia baldintzatzen dute.
Jobsen eskua dago Mac ordenagailuen atzean, eta salmentak gora eta gora egiten ari dira PCrenak behera egiten duen bitartean. iPhoneren, munduko sakelako telefono inteligente ezagunenaren, asmatzailea ere izan zen eta tableten negozio oparoaren aitzindari izan zen iPadi esker.
Era berean, Jobs izan zen iPod asmatu zuena herritarrak "walkman"etik eta "discman"etik mp3 irakurgailu eramangarrietarako trantsizioa egiten ari zirenean.
Baina aparailu fisikoetatik harago, iTunes ikus-entzunezko dendako aplikazio eta zerbitzuak izan ziren "i" unibertsoaren euskarri.
Hemendik aurrera, hala ere, Applek sortzen duen edozer Steve Jobsen garaiko produktuekin alderatuko dute, izan ere, askorentzat enpresari handi bat baino gehiago izan zen Jobs, guru bat izan zen enpresaren irudia kalitatezko eta diseinuzko produktuen filosofiara eraman zuelako eta milioika pertsona erakarri zituelako sagarraren produktuetara.
Appleren jarraitzaile kopurua hazten joan da konpainiaren dendak mundu osoan zabaltzen hasi ahala eta produktuen prezioak behera egiten zuten bitartean. Merkatze prozesu horretan, ezinbestekoa izan zen fabrikazioa Txinara eramatea.
Jobsek ikuskizun bihurtzen zituen teknologia berrien aurkezpenak eta denborari neurria hartzen zion ikusmira sortzeko. Beti zuen ezustekoren bat eskuartean eta dena esana zuela zirudienean, "one more thing" ("gauza bat gehiago") esanez beste berrikuntzaren baten berri ematen zuen.
Gainera, Jobsek ez du azken hitza esan bere produktuei dagokienez eta datozen bizpahiru urteetan Appleren estrategia Steve Jobsek zuen egitasmoari erabat lotuta egongo dela espero da.
Pankreako minbizia atzeman ziotenetik, Apple Jobsen ondorengo egoerara prestatzen hasi zen, izan ere, urtarrilean gaixoaldi-baja hartu zuen eta abuztuaren 24an uko egin zion kontseilari ordezkari karguari.
Jobs bera izan zen Tim Cook bere oinordeko izateko gomendatu zuena. Orain, Cooke da Appleren ordezkari nagusia.
Cookek, izendatu zuten egunean, hitz eman zuen enpresa ez zela aldatuko, baina burtsek ez zuten sinestu eta konpainiaren aktiboen balioa % 5 murriztu zen. Orain, Jobs hilda, ikusi egin beharko da diru merkatuek nola erantzuten duten.
Cooken lehenengo froga iPhone berriaren, iPhone 4Sren, aurkezpena izan zen, aurreko asteartean, eta adituek epel erantzun zioten, Steve Jobsek hain berea zuen puntu "gehigarria" falta zitzaiolako.