Teknologia -

Heriotza

Steve Jobs Appleko fundatzailea zendu da

Milioika internautak eta Barack Obama AEBetako presidenteak omenaldia egin diote XXI. mendeko ikur handienetakoa zenari.

Steve Jobs. EFE
Steve Jobs. EFE
Steve Jobs, Appleko fundatzailea, hil egin da

01:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steve Jobs Appleko fundatzailea, iPod, iPhone, iPad eta beste hainbat produkturekin kontsumo elektronikoan iraultza egin duen guru teknologioa, hil egin da, 56 urte zituela.

Apple konpainiak baieztatu du albistea, baina ez du zehaztu heriotzaren kausa. Azken urteetan, baina, pankreako minbiziak jota zegoen.

"Steveren bikaintasuna, pasioa eta energia gure bizitza aberastu duten hainbat berrikuntzaren iturri izan dira. Mundua askoz hobea da Steveri esker", adierazi du Appleko administrazio kontseiluak ohar batean.

Haren sendiak esan du Steve Jobs "bakean eta senideek inguratuta" hil dela.

"Bizitza publikoan, ameslaritzat jotzen zuten. Bizitza pribatuan, familiaz gozatzen zuen. Eskerrak eman nahi dizkiegu azken urtean Steveren gaixotasunagatik otoitz egin eta desio onenak helarazi dizkiotenei", gaineratu du.

Heriotzaren iragarpenak erreakzio uholdea ekarri du. Interneten, milioika pertsonak omenaldia egin diote, eta Barack Obama AEBetako presidenteak ere harentzako hitzak izan ditu.

Etxe Zuriak igorritako agiri batean, Obamak adierazi du Jobs "AEBetako berritzaile handienetakoa" zela: "Ezberdin pentsatzeko ausardia zuen, mundua alda zezakeela usteko ausardia zuen, baina hori lortzeko talentua ere bai".

Jobs abuztuaren amaiera arte izan zen Appleko kontseilari delegatua. Orduan, dimititu egin behar izan zuen, ez zelako gai "betebeharrei aurre egiteko". Horrenbestez, haren osasun egoera okertu egin zela ondorioztatu zuten askok. Aldez aurretik, bajan izan zen zortzi hilabetez.

2004an, pankreako minbizia menperatu zuen, 2009an gibela transplantatu zioten eta aurten minbizia osatzeko zentroetan ikusia izan da, gaixotasuna suspertu egin zitzaiola inoiz baieztatu ez bazen ere.

Urtarrilaren 5ean, Jobsek iragarri zuen osasun arazoek desoreka hormonal bat zutela jatorria, eta tratamendua "erraza eta sinplea" zela.

2011n, oso gutxitan agertu da jendaurrean. Martxoan iPad 2 aurkezteko ekitaldian agertu zen ezustean, eta txalo zaparrada beroa eskaini zioten. Orduan, argalegi zegoela komentatu zuten.

Parte-hartze handia izan zuen Appleren produktu nagusien diseinuan eta garapenean, eta ondorioz, Jobs gabe konpainia merkatuan lider jarraitzeko gauza izango den zalantzan jarri dute askotan.

Asteartean, Applek iPhone 4S berria aurkeztu zuen. Ekitaldia Tim Cookek zuzendu zuen, baina Steve Jobsek ez zuen agerraldirik egin.

Heriotzaren albistea baieztatu eta gero, Appleren Cupertinoko egoitzan dauden hiru banderak (AEBetakoa, Kaliforniakoa eta konpainiarena) haga erdira jaitsi dituzte.

Jobsek, karisma handikoa eta aitzindaria, 1976an utzi zuen unibertsitatea, Steve Wozniak-ekin batera Apple sortzeko, Mountain Vieweko garaje batean. Nolanahi ere, 80ko hamarkadan enpresatik joan zen, porrot egin baitzuen. Garai horretan, Microsoft nagusitu zitzaion.

Orduan Next Computer sortu zuen. Ez zuen arrakastarik izan, baina Applera itzultzeko oinarriak ezarri zituen.

Applen bueltan, iMac ordenagailuak eta iPod mp3 irakurtzailea diseinatu zituen.

1997an Appleko presidente izendatu zuten, eta harrezkero konpainia munduko errentagarrienetakoa izan zen.

Silicon Valleyko enpresaburu aberatsenetakoa zen. Forbes aldizkariaren arabera, haren ondarea 5.100 milioi dolarrekoa zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea