Teknologia -
Erasoa PSNen
Sonyk milioi bat dolarreko asegurua atera du datu lapurretak ekiditeko
Aseguru honen inguruko interesa dutenek, 'AllClear ID Plus' webgunean eman beharko dute izena, eta ez Sonyren webgunean.
Erredakzioa
PlayStation Network eta Qriocityren erabiltzaileei datuak babesteko programa batean izena doan ematea eskainiko die Sony Computer Entertainmentek, azken egunotako datu lapurreta handiak sortutako egoera konpentsatzeko. Aseguru honek milioi bat dolarreko kalte-ordaina eskaintzen du, lapurretarik izatekotan eragindako kostuak ordaintzeko.
Sony Computer Entertainmentek erabiltzaileen datuak babesteko berme programaren xehetasunak aurkeztu dizkie erabiltzaileei. AEBetan bakarrik jarriko dute martxan oraingoz programa, baina, konpainia japoniarrak esan duenez, "programa honen antzekoak beste lurraldeetan ere martxan jartzeko lanean ari dira". Tokian tokiko webgune eta blogetan argitaratuko dute informazioa, martxan jartzen dutenean.
Honez gain, datozen egunetan erabiltzaileei mezu elektronikoak bidaliko dizkie konpainiak programa hau martxan jar dezaten. Erabiltzaileek ekainaren 18ra arteko epea izango dute izena eman eta kodea balioztatzeko.
Aseguru honen inguruko interesa dutenek ''AllClear ID Plus'' webgunean eman beharko dute izena, eta ez Sonyren webgunean. Programaren xehetasunak eta argibideak erabiltzaileei bidaliko dizkiete.
Sistema honek milioi bat dolarreko asegurua eskaintzen die datu lapurreten biktimei. Kopuru hori datuak berreskuratzeko, defentsa legala bermatzeko eta balizko soldata galerak ordaintzeko izango da. Datu lapurreta gertatu eta hurrengo hamabi hilabeteetarako balioko du aseguruak.