Teknologia -
Milioika datu lapurtu zituzten
Sonyk PNS sareko zerbitzuak berriro martxan jarriko ditu
Datorren astean izango da baina, Japoniako multinazionalak hori bai, segurtasun neurriak indartu ditu PlayStation Network (PSN) sareko milioika erabiltzaileren datuak lapurtu ostean.
Erredakzioa
Sony multinazional japoniarrak datorren astetik aurrera PlayStation Network sareko zerbitzuak berriro martxan jarriko ditu, pasa den astean bertan behera gelditu baitziren milioika erabiltzaileren datuak lapurtu ostean.
Tokion emandako prentsaurreko batean, Sony Computer Enterteimenteko zuzendariordeak barkamena eskatu die PSN eta Oriocity zerbitzuen erabiltzaileei, 77 milioi lagun guztira, "pirata" informatikoak beren datu pribatuetara sartu direla zabaldu baitzen duela egun batzuk.
Sonyren arduradunek onartu dute "piratek" kreditu txarteletako zenbakiak eta fakturazioen helbideak "lapurtu" zizkietela hamar milioi erabiltzaile ingururi, baina behin eta berriz azpimarratu dute ez dagoela datu horiek erabili direla ziurtatzeko frogarik.
Edonola ere, bezeroei zerbitzu horietara sartzeko pasahitzak aldatzeko eskatu diete eta pasahitz horiek beste web orri batzuetan erabiltzen badituzte ere aldatzeko eskatu dute.
Badirudi, filtratu diren datuak posta elektronikoa, jaiotze data, pasahitza eta zerbitzu horietarako erabiltzaileen izenenak direla.
Sonyk esan du neurriak hartu dituztela PSN sareko zerbitzuen segurtasuna indartzeko. Era berean, erabiltzaileekin telefonoz edo posta elektroniko bidez zuzenean ez direla harremanetan jarriko azaldu dute.
Asteazkenean Sonyk onartu zuen PlayStation Network (PSN) bideojokoen sareko 77 milioi erabiltzaileren datuak filtratu zirela "pirata" batzuen erasoaren ondorioz, eta erabiltzaileei banketxeko datuak arretaz begiratzeko eskatu zieten.
Erasoak Oriocity zerbitzuari ere eragin zion. Zerbitzu hori 2010etik dago martxan eta musika eta filmak deskargatu eta ikusteko aukera ematen du Sony etxeak ekoitzitako telebista eta erreproduzitzaileen bitartez.
Gertatutakoaren berri izandakoan, bi plataformak pasa den astean itzali egin zituzten baina laster berriro martxan jartzea espero dute; seguruenik datorren astean izango da hori, baina beti ere erabat ziur egondakoan guztiz seguruak direla.
Japoniako konpainiak esan duenez, agintari judizialekin lanean ari dira erasoa egin dutenak aurkitzeko.