Teknologia -
Internet
Puntueusek Interneten eskaintza eta eskaria indartzeko deia egin du
Puntueus .eus domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundearen datuen arabera, Euskal Herriko webguneen % 16k soilik eskaintzen dute euskarazko edukia.
Agentziak | Erredakzioa
Puntueusek, .eus domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundeak, deia egin du, ostiraleko Internet Egunaren atarian, Sarean euskarazko edukien eskaintza eta eskaria indartzeko.
Puntueusek ohar batean azaldu duenez, Euskal Herriko webgune guztien artean 26.663k, % 16k soilik, dute euskarazko edukia. Aitzitik, .eus domeinua erabiltzen dutenei begira, horien % 89, 23k dute euskarazko edukia. Euskararen “arnasgune digitala” da, beraz, domeinua, Fundazioaren idatziak dioenez.
Hala ere, gaur egun ingurune digitalean pisu gehien duen arloan, ikus-entzunezkoetan, euskarak “ez du tokirik”, eta datu larria da hori, kontuan izanda 2018. urtean trafiko guztiaren % 57 bideoak izan zirela eta % 8 bideo jokoak.
Nolanahi den, datu pozgarriak ere badaude, eta, Fundazioak zehaztu duenez, Wikipediak 350.000 artikulu eskaintzen ditu euskaraz. Webgune horretan edukiak dituzten munduko hizkuntzetan 29. da euskara.
Fundazioak, bukatzeko, “erabiltzaileak trebatu eta motibatu” behar ditugula baieztatu du, “gure komunitate digitala indartu eta ingurune digitala euskaraz kontsumitu eta sortzera bultzatu”.