Teknologia -
Duplex funtzioa
Googlen laguntzailea pertsonekin telefonoz hitz egiteko gai izango da
Online zerbitzurik ez duen enpresa batekin, jatetxe bat, esaterako, hitzordua hartu ahal izango da harekin hitz egin barik. Berritasun hau ez dago oraindik erabiltzaileen esku.
agentziak | erredakzioa
Googlen laguntzaile digitala pertsonekin telefono bidez komunikatzeko gai izango da, erabiltzaileek zuzenean deia egin behar ez izateko, garatzaileentzako goi bileran egindako aurkezpenean iragarri duenez.
Sundar Pichai Googlen CEOak abiarazi zuen ekitaldia eta internet bidez emititu zuten. Horretan, adimen artifiziala izan zen ardatza, gero eta produktu eta zerbitzu gehiagotan sartuta dagoen teknologia da, laguntzaile digitaletik abiatuta.
Pichaik egindako aurkezpenean, Google Assistant zerbitzuak ileapaindegi batera deitu zuen hitzordua hartzeko eta, ahots naturala erabiliz, elkarrizketa bat izan zuen telefonoaren bestaldean zegoen pertsona "errealarekin", nahiz eta ustekabeko erantzunak eman zizkion.
"Estatu Batuetan ere, enpresa txikien % 60k ez du erreserbak online egiteko zerbitzua, eta uste dugu lagungarria izan daitekeela" euren laguntzailea, Pichairen esanetan. Gainera, azaldu zuenez, urteak ikerketan eman ostean, laguntzaile digitalak "elkarrizketetako ñabardurak bereiz ditzake".
Esperimentu fasean dagoen funtzioa, Duplex deitutakoa, ez dago oraindik erabiltzaileen esku, baina datozen asteetan Googlek teknologia hori erabiliko du enpresei deitu eta ordutegiaz galdetzeko, bilatzailean informazio hori sartzeko.
Era berean, gutxi barru laguntzaileak aurrerapen gehiago izango ditu: ez du "Hey Google" entzun beharko martxan jartzeko, gauza bat baino gehiago eskatu ahal izango zaio aldi berean eta funtzio bat izango du umeei zuzenduta, gauzak "mesedez" eska ditzaten.