Teknologia -
Desagertutako espeziea
Europa mendebaldeko itsas behi zaharrena aurkitu dute euskal paleontologoek
'Sobrarbesiren cardieli' izendatu duten espeziea duela 42 milioi urte bizi izan zen Huescako Pirinioan.
agentziak | erredakzioa
Huescako Pirinioan duela 42 milioi urte bizi zen itsas ugaztun baten aztarnak aurkitu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Novako (Lisboa) eta Zaragozako Unibertsitateko hainbat paleontologok. Europa mendebaldeko sirenido zaharrena dela esan dute.
Fosil horiek itsas ugaztun belarjale baten eboluzioa ulertzeko gakoak ematen dituzte; izan ere, gorpuzki horiek aztertuta ondorioztatu dutenez, lau hanka zituzten eta uretako bizitzara egokitu gabe zeuden.
“Sobrarbesiren cardieli” izena jarri diote, aztarnategia Huescako Sobrarbe eskualdean baitago eta Jesus Cardiel Laluezak aurkitu baitzuen.
Oro har, itsas behia izenez ezagutzen dira animalia horiek, mota horretako belarjale bakarrak direlako. Duela 50 milioi urte agertu ziren lehen aldiz lurreko ugaztun gisa, eta eboluzioaren ondorioz bihurtu ziren itsas animaliak, Afrikan.
2009an abiatu ziren indusketa-lanak aztarnategian, Ainara Badiola EHUko doktorearen gidaritzapean. Harrezkero, duela 42 milioi urteko 600 fosil aurkitu dituzte, eta horietako 300 inguru sirenidoenak dira. Gorpuzki horiekin, itsas behiaren eskeleto ia osoa osatu dute.
Huescako Pirinioan aurkitutako espeziearen inguruko informazioa Scientific Reports aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte autoreek. Hauek dira: Ester Diaz Berenguer eta Jose Ignacio Canudo, Zaragoza Unibertsitatekoak; Ainara Badiola, EHUkoa, eta Miguel Moreno-Azanza, Lisboako Nova Unibertsitatekoa.
Aurkikuntza hori dela eta, itsas ugaztunen eboluzioa ikertzeko interes handiko gune bilakatu da Huescako eskualde hori. Halaber, Zaragozako Unibertsitateko Natur Zientzien Museoan jarriko dituzte ikusgai laster aztarna horiek, bertatik jakinarazi dutenez.