Teknologia -

Astronomia

Unibertsoa sortu zenetik berdin dagoen galaxia bat topatu dute

Milioi bat izarrek baino gehiagok osatzen duten erlikia da, NGC 1277 izendatua.

Berdin dagoen galaxia baten irudia, Hubble espazio teleskopioak hartuta. Egilea: NASA.
Berdin dagoen galaxia baten irudia, Hubble espazio teleskopioak hartuta. Egilea: NASA.
Berdin dagoen galaxia baten irudia, Hubble espazio teleskopioak hartuta. Egilea: NASA.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Erlikia” omen den galaxia bat aurkitu dutela baieztatu dute Kanarietako Astrofisika Institutuko (Instituto de Astrofísica de Canarias, IAC, gaztelaniaz) ikertzaileek Nature aldizkarian. Milioi bat izarrek baino gehiagok osatzen dute eta ez ei da aldatu unibertsoa unibertso denetik. Emaitzak aldizkari horretan zabaldu dituzte, Hubble espazio teleskopioak hartutako irudiekin batera.

IACren arabera, mila galaxia masibotik bat unibertso primitiboaren “erlikia bat” da, eta duela milaka urte sortu zenean zituen ezaugarriak bere horretan gorde ditu. Pertseoren kumuluaren erdigunean dago.

Nebulosa eta Izar Kumuluen Katalogo Orokor Berria (New General Catalogue of Nebulae and Clusters of Stars, ingelesez; “NGC” siglekin ezagunagoa) sistemaren barruan dagoenez, NGC 1277 deitzen da. La Laguna Unibertsitateko Michael Beasley, Ignacio Trujillo eta Kanarietako Astrofisika Institutuko ikertzaileek aurkitu zuten. Aurkikuntza egin ostean, ikusitakoa baieztatzeko, Hubble teleskopioa eskatu zuten, horren inguruan dauden kumulu globularrak ikuskatzeko.

Kumulu globularrak galaxien inguruan dauden izar multzoak dira, eta, ikertzaileen arabera, horiekin batera osatu ziren, horiek sortu zirenean. Bi motatakoak izan daitezke: gorriak eta urdinak. Gorriek helioa baino astunagoak diren gai ugari dituzte, eta galaxia masiboekin batera jaio ziren. Urdinak, berriz, galaxien inguruan daude, txikiago batzuk xurgatu dituztelako, eta metal gutxiago dute euren konposizioan.

NGC 1277 galaxia horrekin batera sortu ziren kumulu globular gorriek bakarrik osatzen dute, eta ordutik ez du aldaketarik izan.

Gai horri buruz Nature aldizkarian kaleratu den lehen artikuluaren egileak, Michael Beasley ikertzaileak, azaldu duenez, kumuluak “pieza oso sentikorrak” dira galaxiak osatzerakoan. Horren arabera, “lehen aldiz ikusi da horren galaxia masibo batean horren kumulu urdin gutxi”.

Ikertzaileen ustez, galaxia masibo hori bere horretan egon da denbora horretan guztian, Pertseoren kumuluaren erdiguneko galaxiaren satelite gisa sortu zelako. Azken horrek NGC 1277ra hel zitezkeen materia guztiak xurgatzen zituen, eta garatzea ekidin zen horrela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Zientzia berriak Zientzia hedapena gaur Astronomia albisteak Unibertsoa gaur