Teknologia -
Heriotza
Stephen Hawking hil da
76 urterekin zendu da, etxean zegoela. Besteak beste, 'big bang' teoria garatu zuen zientzialarietako bat izan zen, eta ekarpen handiak egin zituen zulo beltzen gaineko ikerketan.
agentziak | erredakzioa
Stephen Hawking fisikari britainiarra zendu da 76 urte zituela, Cambridgen zuen etxean, sendiaren inguruko iturriek esan dutenez.
Inoizko zientzialari handienetako bat izan da eta, besteak beste, 'big bang' teoria garatu zuen zientzialarietako bat izan zen, eta ekarpen handiak egin zituen zulo beltzen gaineko ikerketan. Esan zuenez, hark aurretik egindako teoria zuzenduta, zulo beltzak ez dira erabat beltzak, erradiazioa igortzen baitute.
'Denboraren historia laburra' izeneko lana argitaratu zuen 1988an, berak egindako aurkikuntza eta teoria asko jasotzen ditu. 25 milioi ale baino gehiago saldu ditu.
Hawkingek berak aurretik egindako zulo beltzen gaineko teoria berraztertu zuen, eta berri bat aurkeztu, 2004an. Zalantzan jarri zuen amaierarik gabeko zulo moduko bat izatea, aurretik esan bezala.
Gainera, 2015eko uztailean, bizitza estralurtarra bilatzeko proiektu bat aurkeztu zuen.
Fisikoa Oxfordeko intelektualen familia batean jaio zen, 1942ko urtarrilak 8an, eta alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten 1963an, eta soilik bi urte biziko zela esan zioten.
Gurpildun aulki batean bizi zen, eta 2005etik hona begi baten azpiko gihar bat mugituta komunikatzen zen, sintetizadore bat erabilita.