Teknologia -
Teknologia
FS Ingenium Nafarroako taldeak FIRST LEGO Leagueko Espainiako finala irabazi du
Ikasleen artean zientzia eta robotika sustatzen dituen lehiaketa horretan, Arabako Tecnoclub Elburgo taldea eta Portugaleteko Edurobotic taldea ere saritu dituzte.
EITB.EUS
Asteburu honetan Errioxan izandako FIRST LEGO Leagueko Espainiar Estatuko Final Handian garaile atera da Nafarroako FS Ingenium taldea. Gainera, Arabako Tecnoclub Elburgo taldea eta Portugaleteko Santa Maria Ikastetxeko Edurobotic taldea ere saritu dituzte: arabarrek Inspirazio Saria irabazi dute, ondorioz, Tallinen izango den Europako finalerako txartela lortu dute; talde bizkaitarrak, ordea, Robotaren Programazioko bigarren saria eskuratu du.
Guztira, EAEko lau talde aritu dira finalean: Gasteizko Urkide Ikastetxea, Donostiako Axular Lizeoa, Arabako Tecnoclub Elburgokoa eta Portugaleteko (Bizkaia) Santa Maria Ikastetxea. Innobasquek antolatutako Euskadiko FIRST LEGO Leaguen finalean lehenengo postuak lortu zituzten ikastetxe horiek.
Europako finalerako txartela lortu du Tecnoclub Elburgo talde arabarrak. Argazkia: Innobasque
Uraren giza zikloa izan da aurtengo erronka. Tecnoclub Elburgoko arabarrek urtean 30.000 litro ur baino gehiago aurreztea proposatu dute, eta horretarako dutxetako ura biltzen duen eta komunean berrerabiltzen duen zisterna asmatu dute. Bestalde, Portugaleteko Edurobotikoek mugikorrerako aplikazio bat asmatu dute, ura aurreztea ahalbidetzen duena gamifikazioaren bidez.
Portugaleteko Santa Maria Ikastetxekoak. Argazkia: Innobasque
Ikasleentzat zuzendutako nazioarte mailako lehiaketa da FIRST LEGO League, xede izanik gazteen artean zientzia eta robotika sustatzea. Bertan parte hartzen dutenek zientzia-proiektua aurkeztu behar dute, robot bat diseinatu edota programatu. Aurten Espainiar Estatuko 78 talde izan dira lehian.