Teknologia -
Albisteen “story”-ak erabilgarri daude jada Googleren sakelakoetarako bertsioan
Enpresa estatubatuarrak irakurleak erakartzea du helburu, elementu bisualak erabiliz horretarako.
agentziak | erredakzioa
Googlek eduki informatiboa duten “story”ak egiteko zerbitzu bat kaleratu du, irudiak, testuak eta bideo laburrak nahasteko aukera emanez. Otsailaren 13tik aurrera probatu ahalko da edozein webguneetan, eta edozein gailu mugikorretik egongo da eskuragarri. eta ikusgai edozein gailu mugikorrean.
Googlek zortzi hedabideren laguntza izan du zerbitzua garatzeko: CNN, Condé Nast, Hearst, Mashable, Meredith, Mic, Vox Media eta The Washington Post.
“Story” informatiboak Googleren AMP (Accelerated Mobile Pages) kode irekiko ekimenaren barruan sartzen dira. Tresna horrek mugikorrentzako plataformetara zuzendutako edukiak erakusteko aukera ematen die hedabideei, irudi eta bideoak eta testu laburrak uztartuz.
Urteak joan urteak etorri, informazioa kontsumitzeko modua aldatu egin da. Googlek garatzaileentzat duen blogean azaldu du zertarako sortu duen zerbitzu berria: “Erabiltzaileek testu ugari duten artikulu asko ikusten dituzte gailu mugikorren bidez, baina gutxi irakurtzen dituzte sakonean”. AEBko enpresaren ustez, elementu bisualek —irudiek, bideoek eta grafikoek— irakurleak erakartzen eta eduki batekiko interesa pizten lagun dezakete.
Edozein komunikabideren web-orrialdeko HTML kodean txertatu ahalko dira AMP “story”ak eta webguneko edozein orrialdetatik sortu ahalko dira horietara bideratzeko estekak.
Edukiak sortzeko tresna hau erabilerraza izatea nahi du Googlek, eta, asmo horrekin, aurretik zehaztutako plantillak —aldagarriak—, erabiltzaile-interfazerako kontrol estandarizatuak eta eduki gehiago erantsi eta partekatzeko osagaiak integratu ditu. Funtzio hori asteartean, otsailaren 13an, hasita egongo da eskuragarri horren webgunean, nahi duten guztientzat. Gainera, Googlek tutorial bat jarri du bere web-orrialdean, horri buruzko azalpenak emateko.
Irakurleek “story”ak eskuragarri izango dituzte Googleren mugikorretarako bilaketetan. Erabiltzeko, g.co/ampstories URL-an sartu behar da, mugikorreko nabigatzailearen bitartez, eta komunikabidearen izena idatzi behar da bilaketa-barran.