Teknologia -

Uztailaren 22tik 25era

5.000 ordenagailutik gora, Euskal Encounterraren 25.ekitaldian

Konektatuta dauden 5.024 ordenagailuek 40 gigako konexioa dute, igoerak zein jaitsierak egiteko, eta horrek marka berri bat ezarri du.

5.000 ordenagailu baino gehiago, Euskal Encounterren 25. urteurrenean

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 5.024 ordenagailu dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) aretoan gaur hasi eta asteartera bitartean egingo den Euskal Encounter topaketaren 25.ekitaldian parte hartzen ari direnak.

Konektatuta dauden ordenagailuek 40 gigako konexioa dute, igoerak zein jaitsierak egiteko, eta horrek marka berri bat ezarri du, baita erabiltzen ari diren azalerak ere, joan zen urtean baino % 30 handiagoa.

1994an Urretxun (Gipuzkoa) egin zen lehendabiziko edizioan 64 Kbps-ko abiadura erabili ahal izan zuten bertaratu ziren 36 parte-hartzaile eta 25 ordenagailuek; aurten, berriz, 5.024 pantaila eta 8.000 lagun elkartu dira 50.600 metro koadroko gunean. Parte-hartzaileek segundoko 40 giga simetrikoko abiadura dute sarean ibiltzeko, eta dozenaka jarduera ikasteko eta ondo pasatzeko.

Euskal Encounterra gazteentzako topaketarako gune bihurtu da; izan ere, parte-hartzaileen bataz besteko adina 28 urtekoa da. Horien arteko % 13 emakumezkoak dira.

Topaketaren edizio honetan aurretik existitzen ziren bi guneei berri bat erantsi zaie. Horrenbestez, lehendabiziko gunean informatikazaleek euren ordenagailuak jartzen dituzte (joan zen urtean baino 416 gehiago) eta Euskal Encounterreko jarduerak egiten dira; bigarrenean, ostera, parte-hartzaileek euren kanpadendak jartzen dituzte, bertan atseden hartu ahal izateko.

Halaber, aurten ezarri den hirugarren gune berri horretan droneen lasterketak hartzeko zirkuitu bat prestatu dute: 3.200 metro koadroko espazio batean jardungo dute pilotu adituek lehian eta euren jakintzak partekatzeko tailerrak eskainiko dituzte gailu hauen ezaugarri eta funtzioak ezagutu nahi dituztenentzat. Horrez gain, aurtengo beste berritasun gisa nabarmentzekoa da Kid's Kit-Car Greenpower elkarteak antolatutako jarduera: bertan hainbat haur taldek auto elektrikoak diseinatzen, eraikitzen eta gidatzen ikasiko dute informatika jaialdiak iraungo duen  lau egunetan zehar.

Era berean, publikoari irekia dagoen doako guneak (Opengunea) bere horretan darrai. Aurten dozenaka jarduera hezigarri egongo dira, baita produktu informatikoak eskuratzeko standak eta robotikako, errealitate birtualeko eta 3D inprimaketako guneak ere.

"Talentu haztegia"

Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak adierazi du Euskal Encounterreko parte-hartzaileak guztiz bat datozela 4.0 industriak behar dituen profil profesionalekin, euren gaikuntza teknologikoa nahiz "lanean erakusten duten pasioa" dela eta. Modu horretan, informatika-bilkuran "enpresek talentu haztegia" topa dezaketela gehitu du sailburuordeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Euskal Encounter gaur