Teknologia -
6.600 km
Gaur lotuko dute Sopela eta AEB elkartuko dituen kablea
Atlantikoa inoiz zeharkatu duen ahalmen handieneko kablea izango da, eta AEB eta Europako hegoaldea lotuko ditu, lehen aldiz.
agentziak | erredakzioa
Marea munduan datuak transmititzeko ahalmen handiena duen kablea lotuko dute gaur, asteartea, Sopelako (Bizkaian) Arriatara hondartzan. Facebookek eta Microsoftek eraiki dute eta Telxius Telefonicako enpresak kudeatuko du.
Urpeko kableak 6.600 kilometroko luzera izango du, zuntz optikoko zortzi pare kable izango ditu, eta, hasieran, 160 terabit segundoko (Tb/s) igorriko ditu. Gainera, Europa hegoaldea eta AEB lotuko dituen lehen kablea izango da.
Komunikazio kable horrek Virginia Beach (AEBko ekialdeko kostaldea) eta Sopela (Bizkaia) elkartuko ditu, eta bezeroen eskakizunetara egokitzeko moduan izango dira bi enpresak, esaterako: abiadura handia, hodeirako sarbide ziurra eta Microsoft eta Facebooken zerbitzua linean.
Gainera, Atlantikoa zeharkatzen duten beste kable batzuk baino hegoalderago egongo da, eta horrek Europako eta AEBko erabiltzaileek konexioa iraunkorragoa eta fidagarriagoa izatea ekarriko du.
Interneteko azpiegituraren belaunaldi berria garatu, datuen kontsumoaren eskakizun maila eman eta hodeiaren (erabiltzaileari eskainitako memoria zerbitzua, normalean, lurpean egoten diren zerbitzarietan) hazkunde arinari erantzutea dira Facebook eta Microsoften elkarlanaren helburuak.
Bideoa: Horrela lotuko dute AEB eta Sopela konektatuko dituen kablea
Telxius, bestalde, sistema kudeatuko duen enpresa izango da eta datu trafikoa salduko du, handizkako azpiegituraren merkatuan sartuta dagoelako.
Mareak sareko ekipamenduarekin lan egin ahal izateko diseinatu dute Microsoftek eta Facebookek.
Diseinu ireki horri esker, erabiltzaileek "onura nabarmenak" izango omen dituzte, kostuak txikiagoak izango baitira eta ekipamenduetan hobekuntzak errazago egiteko aukera izango baita, horien arabera. Ildo berean, banda-zabaleraren tasak azkarrago haziko direla esan dute, sistemaren eraberritzea eta teknologia optikoarena maila berean garatzea ahalbidetuko delako.