Teknologia -
Wannacry birusa
Jaurlaritzak ez du bere sarean zibererasoaren arrastorik aurkitu
Jaurlaritzaren informatika alorreko arduradunak jakinarazi du poliki-poliki normaltasunera itzultzen ari direla.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez du atzeman WannaCrypt zibererasoa jasan duen ordenagailurik bere sarean, mundu osoko 179 herrialdetako 230.000 ordenagailu kutsatu badira ere.
Alex Etxeberria Eusko Jaurlaritzaren informatika elkarteko zuzendari nagusiak Radio Euskadin azaldu duenez, asteburuan "alertan" egon dira, "eraso honi aurre egingo dioten" neurriak hartzen.
Etxeberriak ostiraleko zibererasoaren osteko prozesua azaldu du: "Eraso mota identifikatu ostean, Interneteko eta posta elektronikorako sarbidea eten genuen, bide horietatik zabaltzen baita eraso mota hori".
Erasoaren tamaina ikusita, Etxeberriak azpimarratu du berehala eten zutela Interneteko sarbidea ordenagailurik ez kutsatzeko eta, gero, egoera egiaztatu eta ordenagailuak eguneratuta, irekitzen hasi zirela, normaltasunera itzultze aldera. Orain erasoaren aldaera berriak izan daitezkeela uste dute, eta oraindik adi jarraitzen omen dute.
Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasun zentro bat irekitzeko asmoa duela eta, Etxeberriak azpimarratu du alor informatikoan "oso garrantzitsua" direla "ezagutza eta horren zabalkundea". "Zentro horren zeregina oso garrantzitsua izan daiteke bereziki industrian izan daitezkeen arriskuen inguruan, eta helburu horrekin planteatu du Jaurlaritzak, kaltetuei irtenbide azkarra emateko", adierazi du.