Teknologia -
Ziberasoa
Europolek 'sekula ikusi gabeko' ziberasoa ikertzen lagunduko du
Bere aldetik, Renault ibilgailu ekoizleak erasoa jasan zuela aitortu du; horrenbestez, hori onartu duen Frantziako lehen enpresa edo erakunde handia bihurtu da.
Agentziak | Erredakzioa
Europol Europako Poliziak gaur jakinarazi duenez, atzotik mundu zabaleko 99 herrialdetan eragiten ari den ziberasoa ikertzen lagunduko du. Europolen esanetan, aipatu erasoa orain arte "sekula ikusi gabekoa" da.
"Erasoa orain arte sekula ikusi ez den modukoa da, eta nazioarteko ikerketa konplexu baten beharra izango du errudunak identifikatzeko", adierazi du Europolek ohar baten bidez. Gaineratu duenez, Ziberkrimenaren Europako Zentroaren (EC3) bitartez parte hartuko du ikerketa horretan.
Europolek gaineratu duenaren arabera, "lankidetza estuan" ari da lanean "erasoaren eraginpean dauden herrialdeekin eta industriako bazkide nagusienekin, mehatxua murriztekoa eta biktimei laguntzeko".
Erakunde horrek gogora ekarri du EC3 taldea "nazioarteko ikerle zibernetiko adituez" osatuta dagoela eta " mota horretako ikerketak egiteko diseinatu zela bereziki".
Zibererasoa WannaCry birusaren bidez zabaldu zen. Ransomware motako software maltzur horrek ordenagailuetara edota ordenagailuetako fitxategi batzuetara sartzea eragozten die erabiltzaileei, eta erreskate bat eskatzen du ordenagailua bahiketatik aske uzteko.
Erreskate hori, normalean, txanpon digitalen bidez ordaindu ohi da (bitcoin), horrela zailagoa baita ordainketaren arrastoa jarraitzea eta pirata informatikoak identifikatzea.
Renault, infektatuta
Renault ibilgailu ekoizle frantziarrak erasoa jasan zuela aitortu du larunbat honetan, eta, horrenbestez, hori horrela izan zela onartu duen Frantziako lehen enpresa edo erakunde handia bihurtu da.
Konpainiako bozeramaile baten hitzetan, "birusa gehiago hedatzeko neurriak hartu dira". "Ikuspegi zabalago bat bilatuko dugu, erasoaren eragina pairatu duten atariak zein izan diren antzemateko", erantsi du.
Erresuma Batuko aditu batek erasoa gelditzen lagundu zuen
Erresuma batuko segurtasun aditu batek eta Ameriketako Estatu Batuetako Proofpoint konpainiak, elkarren arteko lankidetzan, The Guardian egunkariak argitaratu duenaren arabera.