Teknologia -
Software maltzurra
Telefonicaren barneko sareak zibererasoa jasan du
'Ransomware' izeneko birusak enpresaren sistema blokeatzen du eta dirua eskatzen dute ordenagailuak liberatzearen truke. Iberdorla bezalako konpainiek ordenagiluak itzali dituzte, badaezpada.
Agentziak | Erredakzioa
Telefonicaren kontrako zibererasoa egin dute ostiral honetan, 'ransomware' izeneko software maltzurra erabilita. Telefonicaren barne sareko ordenagailuak kaltetuta geratu dira eta konpainiak Madrilen duen egoitza nagusiko ordenagailu guztiak itzali egin behar izan ditu. Eraso honen ondotik, beste enpresa handi askok ere euren sistemak itzali egin dituzte, badaezpada.
Espainiako Kriptografia Zentroak ohartarazi du zibereraso masibo honek Windows erabiltzen duten ordenagailuetako artxiboak zifratu eta konputagailu horiek konektatuta dauden unitate sareak kutsatzen dituela, birusa sare horretan dauden gainerako Windows sistema-eragileetara zabalduta.
Telefonicak goizean antzeman du "zibersegurtasunarekin lotutako arazoa", konpainiako langileek erabiltzen dituzten zenbait ordenagailutan.
"Berehala jarri dugu abian segurtasun arazoei aurre egiteko protokoloa, kaltetutako ordenagailuak ahalik eta azkarren berriro martxan izateko asmoz", adierazi du telekomunikazio enpresak ohar baten bidez.
Langileei ondoko mezua agertu zaie ordenagailuetako pantailetan: 'Premiazkoa; itzali ordenagailua berehala'. Konpainiak agindua eman arte ezingo dituzte ordenagailuak piztu. Horrez gain, sakelako telefonoan wifi konexioa kentzeko eskatu diete.
Egoera bere onera bueltatzen denean, telefono mugikorretara mezua bidaliko diete beharginei.
'Ransomware' birusa
Telefonicaren ordenagailuetan detektatutako birusa 'ransomware' izenekoa da. Enpresa baten programa informatikoa kaltetzen du, artxiboak eta sistemak kutsatuz eta blokeatuz. Ordenagailuak askatzearen truke dirua eskatzen dute.
Langileek azaldu dutenez, ordenagailu batzuen pantailak urdin agertu dira eta beste batzuetan mezu bat azaldu da, kutsatuta zegoela ohartarazita. Gainera, ordenagailu eramangarrien kasuan, bateria kentzeko eta etxera ez eramateko agindu dietela kontatu dute.
Esan bezala, zibererasoak Telefonicaren barne sareko ordenagailuetan izan du eragina, baina kanpoko sareak ez du kalterik jasan eta, ondorioz, bezeroek zerbitzua normaltasunez erabiltzen ari dira.
Bestalde, Chema Alonso Telefonicaren segurtasun zuzendariak Twitter bidez adierazi du eraso honi lotuta zabaldu diren albisteak "gehiegizkoak" direla eta segurtasuneko teknikariak arazoa konpontzeko lanean ari direla.
Badaezpadako neurriak enpresa handietan
Telefonicaren kontrako zibereraso honen ondotik, beste konpainia handi batzuek, tartean Iberdrolak eta Gas Natural Fenosak, badaezpadako neurriak hartu dituzte (ordenagailuak itzaltzea, adibidez). Hala ere, % 100ean lanean ari direla azpimarratu dute.
Vodafonek jakinarazi du ez duela kalterik jasan, baina prebentzio moduan Interneterako sarbidea eten egin dutela.
Orangek dio bere langileak normaltasunez ari direla lanean, baina gertatu dena ikusita, badaezpadako neurriak hartzen ari direla, komunikazioaren segurtasuna bermatzeko.
BBVA, Santander edo Capgemini bezalako konpainiek, berriz, ukatu egin dute erasorik jasan dutela, zenbait komunikabidek zabaldutakoa gezurtatuta.
Espainiako Kriptografia Zentroak sistema-eragileak fabrikatzaileak esan bezala gaurkotzea gomendatu du. Euskarririk gabeko sistemen kasuan (Windows 7, esaterako), saretik deskonektatzea edo itzaltzea aholkatu du.