Teknologia -

Buloa

Urtebete Netflix doan izateko aukera, WhatsApp bidez zabaldu den iruzurra

Erabiltzaileen telefono zenbakia eta datu pertsonalak lapurtzeko beste iruzur bat besterik ez dela ohartarazi du Espainiako Poliziak.

Argazkia: @Policia
Argazkia: @Policia
Argazkia: @Policia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan gorakada nabarmena egon da WhatsApp bidez zabaltzen diren iruzur eta buloetan. Espainiako Poliziak Twitterren duen kontuan erabiltzaileei ohartarazi dienez, urtebetez Netflixeko zerbitzuak doan erabiltzeko eta ‘premium’ kontuak sortzeko aukera ematen duen mezua gezurra da.

WhatsApp bidez zabaltzen ari den mezuak honakoa dio: “Urtebetez doako harpidetza oparitzen du Netflixek”. Mezu horrekin batera, esteka faltsu bat agertzen da. Dena dela, estatubatuar entretenimendu konpainia horrena dela pentsa liteke, horren izena eta argazkia ageri baita.

“Eskaintza berezia” aktibatzeko, gutxienez beste hamar kontaktuei birbidali behar zaie mezu hori. Urrats hori emandakoan, norberaren telefono zenbakia eman behar da, antza, Netflixen kontu berri bat sortu eta bertako edukiak urtebetez doan ikusi ahal izateko.

Alabaina, Espainiako Poliziak jakitera eman duenez, norberaren datu pertsonalak eta telefono zenbakia lapurtzeko iruzur bat besterik ez da. Arrazoi horregatik, mezu horrekin batera agertzen den estekan ez sartzeko aholkua eman du, gaizkileek “malware” delako birus informatikoa sartu dezaketelako telefono mugikorrean.

Aste honetan WhatsAppen agertu den bigarren iruzurra da hau, duela egun batzuk 530 kontu libre besterik ez zirela geratzen zioen mezu bat zabaldu baitzen. Gainera, mezua kontaktu guztiekin partekatzea eskatzen zen, hala egin ezean, erabiltzaile horri kontua itxiko baitzioten. Gainera, berehalako mezularitza zerbitzua erabiltzeagatik ordaindu beharko zela zioten. Espainiako Poliziak gezurra zela argitu zuen Twitterren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp berriak Delituak azken ordukoa Iruzurrak berriak Sare sozialak berriak Salaketak Eguneko albisteak Albiste faltsuak gaur