Teknologia -
Segurtasun neurriak
Facebookek 3.000 pertsona gehiago izango ditu eduki bortitzak ezabatzeko
Sare sozial ospetsuan zabaltzen diren edukiak lehenbailehen ikuskatzea eta, arauak errespetatu ezean ezabatzea, da neurri horren helburu nagusia
Agentziak | Erredakzioa
Sarean zabaltzen diren eduki bortitzak lehenbailehen ezabatu ahal izateko datozen hamabi hilabeteotan 3.000 pertsona gehiago kontratatuko dituela iragarri du Facebookek asteazken honetan. Gauzak horrela, sare sozial horretan zabaltzen diren edukiak ikuskatzen dituen lan-taldea nabarmen handituko da.
Hala iragarri du Mark Zuckerberg Facebookeko sortzaileak. Sare sozialetan noizean behin ageri diren indarkeria kasuak “saminduta” uzten dutela ziurtatu du Zuckerbergek, eta azken kasuen berri izan ondoren arazo horri aurre egin ahal izateko neurri eraginkor baten bila ibili dela esan du.
“Komunitate seguru bat sortzeko asmoa badugu eduki bortitzen aurrean lehenbailehen erantzun beharra dago. Mota horretako edukiak errazago ezabatu ahal izateko lanean ari gara. Norbaitek laguntza behar izan duenean edota bideoak blokeatu behar izan ditugunean azkar erantzun dugu”, azaldu du Zuckebergek.
Era berean, astero jasotzen dituzten “milioika” salaketei erantzun bat emateko gaur egun 4.500 langile daudela nabarmendu du Facebookeko sortzaileak. Ildo horretatik, datorren urtean lan-taldean 7.500 pertsona izatea espero duela aurreratu du.
“Facebooken baimentzen ez ditugun edukiak ikuskatzen eta ezabatzen lagunduko digute. Era berean, segurtasun indarrekin estuki lanean jarraitzeko aukera izango dugu”, azpimarratu du Zuckebergek.