Teknologia -
MACROINKESTA
Mugikorra da Interneten sartzeko gailurik erabiliena
AIMCren "Sareko Nabigatzaileak" inkestak 20 urte bete ditu eta hiru urtean Internetera sartzeko telebistaren erabilera bikoiztu egin dela esan du.
EITB.EUS
Hedabideak Ikertzeko Erakundeak (AIMC) orain dela 20 urte publikatzen hasi zen "Sareko Nabigatzaileak" inkestaren 19. edizioaren arabera, Interneten sartzeko gailu nagusia da lehenengoz mugikorra, ordenagailuaren aurretik.
Aurtengo edizioan, Sareko Nabigatzaileak baliozko 14.800 erantzun baino gehiago jaso ditu. 1996an egindako lehen inkestan 10.000 erantzun jaso ziren. Azterketa internauta aktiboenetarikoen artean egin da Espainiako estatu osoko 200 webgune inguruetan egin ahal izan den galdeketan, eitb.eus barne.
Mugikorretik konektatzen dira Internetera galdeketan parte hartu duten pertsonen % 94,6, orain dela bost urteko % 64aren aurrean. Horren atzetik ordenagailu eramangarria (% 73,6) eta mahai gaineko ordenagailua (% 67,5) ditugu. Tabletaren erabilerak behera egin du lehen aldiz (% 56,9), eta azkenik, hiru urtean erabilera bikoiztu duen telebista (% 29,6) dago.
Internetera konektatzeko telebista erabiltzen dutenen artean, % 40k egunero edo ia egunero erabiltzen dute (2013an erregistratu zen kopuruaren baino 14 puntu gehiago). Gailu horrekin egiten den ekintzarik nagusiena ikus-entzunezko edukiak ikustea da (% 82,5), eta gero eta gutxiago nabigatzen da Interneten (% 25,6).
Mahai gaineko bideokontsolak (% 14,2), urte batean erabilera bikoiztu duten Smartwatchak (% 6,2) eta bideokontsola eramangarriak (% 4,3) ere erabiltzen dira Internetera sartzeko.
Albisteak irakurri eta bideoak ikusi, ekintza nagusiak
Makroinkestaren arabera, gaurkotasun albisteak irakurri eta bideoak ikusi dira Interneteko erabiltzaileen bi ekintza nagusienak.
Ekintzen Top 10ean ere kale-izendegiak kontsultatu, eguraldiaren iragarpena begiratu, musika online entzun, ikuskizunen kartelerak kontsultatu, deskargatu gabe pelikulak edo saioak ikusi, Telebista kateetako emisioak euren webgunean edo App-an ikusi, osasunari buruzko informazio bilatu eta Administrazioarekin kudeaketak egin.
Hedabideak, Sare Sozialetan jarraitzaile gehien dituztenak
Erabiltzaileen % 80 egunero sartzen da Sare Sozialetan. Horietatik, 10etik 9k Facebooka erabiltzen du, eta atzetik datoz Twitter eta gehien igotzen ari den Instagram.
Sare sozialetako 3 erabiltzailetik 2k hedabideren bat jarraitzen du eta Sareak ere telebista saioak komentatzeko bide PREFERIDO dira. Horien atzetik datoz berehalako mezularitza (Whatsapp) eta saioen webguneak berak.
Orokorrean, Interneteko 4 erabiltzailetik 1ek telebista ikusten edo irratia entzuten du egunero Interneten, eta 2k, astean behin gutxienez.
Ikerketaren datu guztiak hurrengo infografían (erderaz) daude ikusgai.