Teknologia -
TheName.Show
Bilbok domeinuei buruzko ekitaldi bat jasoko du urriaren 21ean
TheName.Show jardunaldian marketin digitalaren alorrean prestigio handia duten nazioarteko aditu askok parte hartuko dute. Hizlarien artean, Erika Mann ICANNeko zuzendaria izango da.
Eitb.eus
Urriaren 21ean Deustuko Unibertsitateak (Bilbo) interneten erabiltzen diren domeinuei buruzko ekitaldi bat jasoko du. TheName.Show jardunaldia egunerokoan Internet erabiltzen duten enpresa nahiz profesionalei zuzenduta dago.
Bilbon egingo den jardunaldi horretan, domeinu berriak modu eraginkorrean erabiltzen ikasiko dute bertaratzen diren pertsona guztiek. Sarrera doakoa izango da, baina aurretik izena eman behar da.
2012an, .eus euskal domeinua onartu zuten. Erabaki horri esker euskarak eta euskal kulturak leku garrantzitsua lortu dute Interneten. Gainera, Interneteko domeinuen kudeaketaz arduratzen den erakundeak (ICANN) 1.300 domeinu baino gehiago onartu ditu 2013tik. Besteak beste, .bar, .red, .moda, .taxi, .legal edo .video dira gaur egun erabilgarri dauden domeinu berriak. Horiei esker, webgune erakargarriak sortu daitezke, gogoratzen errazak diren izenak baliatuz. Funtsean, hori da marketin digitalaren gako nagusia.
Gainera, merkataritzarekin lotura duten domeinuak onartzen hasi da ICANN. Euskadin, erabaki hori aprobetxatu duten enpresa batzuk daude; hala nola, BBVA (.bbva) eta SENER (.sener) taldea dira horren adibide.
Identitate digitalean adituak diren hizlarien artean, Bilbon egingo duten ekitaldian ondorengo hauek parte hartuko dute: Erika Mann, ICANNeko kontseiluko kidea; Jorge Campanillas, Interneten aditua den abokatua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea; Josu Waliño, PuntuEUS erakundeko zuzendaria; Lontzo Sainz, EiTBko parte-hartze eta sare sozialetako arduraduna; Iñaki Lazaro, Internet & Euskadiko kidea; eta Santi Ribera, PuntCAT erakundeko zuzendari nagusia.
Horrela ba, TheName.Show ekitaldian parte hartuko duten hizlariek domeinu berrien inguruan azalpenak emango dituzte, domeinuekin zer egin daitekeen esango dute, eta bilatzaileetan kokapena hobetzeko gakoak emango dituzte. Gainera, Interneten marka bat babesteko kontuan hartu behar diren gomendioak emango dituzte.
Era berean, bertaratzen diren pertsona guztiek euren zalantzak argitzeko aukera izango dute, aukera egongo delarik harremanetan jartzeko enpresa, profesional edo aholkularien artean. Deustuko Unibertsitatean izango den ekitaldi horri buruzko informazio gehiago TheName.Show-eko webgunean dago eskuragarri.
“Bilbon egingo dugun jardunaldian domeinuen erabilera eraginkorrari buruzko gakoak emango ditugu, Euskadiko profesionalek eta enpresariek euren presentzia digitalari probetxu gehiago atera diezaioten”, adierazi du Dietmar Stefitz TheName.Showeko antolatzaileak.