Teknologia -
Sare sozialak
Facebookek Whatsappeko erabiltzaileen telefono-zenbakia jakingo du
Whatsappek erabilera-baldintzak eta pribatutasun-politika aldatu ditu, Facebookekin informazioa partekatzea helburu.
Agentziak | Erredakzioa
Whatsappek bere erabiltzaileen telefono-zenbakiak partekatuko ditu Facebookekin, bai eta erabiltzaileen beste datu batzuk ere, hala nola zein maiztasunekin erabiltzen duten aipatu berehalako mezularitza-zerbitzua.
Whatsappek aldaketa egin du erabilera-baldintza eta pribatutasun-politikan; Facebook da haren jabea 2014tik, eta, hemendik aurrera, elkarri emango diote erabiltzaileen informazioa.
Hala, sare sozialak jakin ahal izango du zein telefono-zenbaki duten erabiltzaileek Whatsappeko kontua egiaztatzeko; halaber, beste arlo baten berri izango du Facebookek, alegia, aplikazioa zein maiztasunekin erabiltzen duten. Esate baterako, jakingo du zein ordutan egin zuen erabiltzaileak azken konexioa.
Publizitatearen eragina
Konpainiaren esanetan, hainbat helburu ditu informazioa partekatzeak: alde batetik, publizitatearen eragina handiagoa egitea, Facebookeko erabiltzaileentzako garrantzitsuagoak diren iragarkiak emanez eta ezagunekin bat egiteko proposamen gehiago eginez; beste alde batetik, Whatsappen abusu eta nahi ez diren mezuen aurka borrokatzea.
Zerbitzuak aitortzen duenez, Facebookeko beste enpresa filialak ere, hala nola Instagram, Whatsappen informazioaz baliatu ahal izango dira "askotariko jarduetarako"; adibidez, iradokitzeko zein konturi jarraitzea.
Mezularitza-zerbitzuaren erabiltzaileek aukera izango dute uko egitea haien datuak erabiltzeari "esperientziak hobetzeko, iragarki eta produktuei dagokienez"; baina ezin izango dute ezetz esan Facebookek euren telefono-zenbakia eta jarduera-ohiturak ezagutzeko izango duen aukeraren aurrean.
Hori bai, telefono-zenbakiek Facebookeko sistemekin bat egiteak ekarriko du erabiltzaileek ikustea aurretik ere ezagunak zituzten enpresen iragarpenak.
Whatsappeko bezeroek gaurtik aurrera jasoko dute pribatutasun-baldintza berrien gaineko jakinarazpena; hortik aurrera, 30 egun izango dituzte, eta onartu beharko dituzte baldin eta aplikazioa erabiltzen jarraitu nahi badute.