Teknologia -

'Free Wifi for Visitors'

Euskadira datozen turistek doako wifia izango dute bost egunez

Bisitariek aplikazio erraz bat instalatu beharko dute eta, horri esker, EAEko 150.000 lekutan interneterako doako konexioa izan dute

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda honetatik aurrera, Euskadi helmuga duten turistek doako wifia izango dute bost egunez. 'Free Wifi for Visitors' programa jarri dute abian Eusko Jaurlaritzak, Euskaltelek eta Itourbask Turismo Bulegoen Sareak.

Gaur aurkeztu dute ekimen aitzindaria, Bilbon. Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordea; Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia; eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendaria izan dira prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) heldutako bisitariek aplikazio erraz bat jaitsi beharko dute eta, horri esker, EAEko 150.000 lekutan interneterako doako konexioa izango dute. Aplikazioa Euskadiko 51 turismo-bulego eta informazio-puntuetan ikusgai izango dute turistek. Gainera, zerbitzua hiru hilabete igaro ondoren berritu ahalko dute, Euskadira itzultzen badira.

Turistei doako wifia eskaintzen dien lehen helmuga turistikoa da, horrenbestez, Euskadi.

Euskadi, helmuga turistiko adimenduna

Itziar Epalza Turismo sailburuordeak nabarmendu duenez, Euskadiko helmuga turistikoa eraikitzen aurrera egitea "posizionatze-lanaren lehentasunetako bat izan da urte hauetan zehar". Jarduketa teknologikoak gauzatu dira, eta baliabide, informazio-puntu eta instalazio turistikoetan wifi-sareak ezarri dira, zerbitzu turistikoak eskaintzeko aukera emango duten aplikazio mugikorren garapena eta erabilera hobetuta. "Programa hau beste urrats bat da helmuga turistiko adimendun bat izateko bidean", azpimarratu du.

Euskalteleko Koldo Unanuek konpainiaren WiFi Kalean sarearen "arrakasta handia" nabarmendu nahi izan du prentsaurrekoan. 150.000 erabiltzaile aktibo, eta erabilera-kontzentrazio handia ostalaritzaren eta denda txikien dentsitate handiko zenbait gunetan.

Iragarri duenez, ahalmen handiko 700 wifigune paratuko dituzte, Euskaltelen bezeroei eta turistei wifi sarea hobetzeko.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko zinegotziak gogorarazi duenez, Bizkaiko hiriburuak Interneten doan sartzeko 112 guneko sarea du, mundu guztiak erabiltzeko irekita dagoena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilbo albisteak Donostia argazkiak Euskadi bideoak EAE albisteak Gizartea Gasteiz Gaurko azken orduko albistea