Teknologia -

Espainiako Estatuan

FreedomPop, 'guztiz doakoa' den sakelako telefonorako zerbitzua

100 minutuz hitz egitea, WhatsApp bidezko datu trafikoa eta beste 200 Mb doan eskaintzen ditu.

FreedomPopen hasierako orria. Argazkia: FreedomPop.com
FreedomPopen hasierako orria.
FreedomPopen hasierako orria. Argazkia: FreedomPop.com

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FreedomPop enpresak gaur jarri du martxan Espainiako Estatuan lehenengo aldiz "guztiz doakoa" izango den sakelako telefonorako zerbitzua. Deiak egiteko, SMSak bidaltzeko eta WhatsApp "ordaindu gabe" erabiltzeko aukera eskaintzen du konpainiak.

AEBn eta Erresuma Batuan arrakasta izan ondoren, ikusmin handia sortu da Espainiako Estatuan, eta duela bi hilabete iragarri zutenetik harrera "oso positiboa" izan du, konpainiaren arabera.

"Espainiara joateko asmoa iragarri genuenean ez genuen horren erantzun onik espero. 100.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena dagoeneko gure webgunean zerbitzua martxan jarri aurretik", adierazi du Stephen Stokols FreedomPopek Espainiako Estatuan duen kontseilari ordezkariak.

Android edo iOS sistema eragilea duten telefonoen erabiltzaileek Internet bidez eska dezakete FreedomPopen SIM txartela.

Zerbitzu berri honek "guztiz doan" eskaintzen du honakoa: WhatsAppeko datu guztiak, 200 Mb gehiago edonola erabiltzeko, 100 minutuz telefonoz hitz egiteko aukera eta 300 SMS.

Era berean, erabiltzaileek 25 herrialdetan erabili ahal izango dute zerbitzua inolako kostu gehigarririk gabe, tartean AEBn, Erresuma Batuan, Alemanian, Frantzian, Portugalen eta Italian.

Enpresak azaldu duenez, zerbitzu gehigarrietatik lortzen duten diruarekin ateratzen du etekina: bigarren telefono zenbakia, nazioarteko deiak 100 herrialdetan egiteko deskontuak, online segurtasuna, aprobetxatu gabeko datuak hurrengo hilean erabiltzeko aukera, etab.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Telefonia mugikorra Gaurko azken ordukoa