Teknologia -
Bat-bateko mezularitza
WhatsAppek bertsio berrian ekarriko dituen berritasunak
Berritasun garrantzitsu ugari ekarriko dituen eguneraketa ari da prestatzen WhatsApp. 2.16.150 izango da bertsio berri hori, baina oraindik ez da ezagutzen noiz aterako den.
eitb.eus
WhatsApp enpresaren 2.16.150 bertsioak berritasun anitz eta garrantzitsu ekarriko ditu. Nahiz eta bat-bateko mezularitza jorratzen duen konpainiak ez duen era ofizialean ezer baieztatu, honako hauek izango dira plazaratzear dagoen eguneraketan erabiltzaileek aurkituko dituzten aukera berriak. Dena dela, ez da ezagutzen noiz egongo den eskuragai aplikazioaren bertsio eguneratu hori.
1-Bideo-deiak egin
Dirudienez, etortzear dagoen eguneraketarekin bideo-deiak egin ahal izango dira, dagoeneko Skype eta Hangouts zerbitzuetan egin daitekeen legez.
2-Argazkiak editatu
Argazkiak bidali aurretik beraietan testuak, zirkuluak eta geziak eranstea ahalbidetuko du, Snapchaten gertatzen den gisara.
3-GIF animazioak erantsi
Bertsio berritik aurrera, GIF fitxategiak, hau da, Twitterren hain ezagunak diren mugimendudun baina soinurik gabeko irudi txikiak, WhatsAppeko elkarrizketetan erabiltzeko aukera egongo da.
4-Musika partekatu
Taldeetan musika partekatzeko parada ere emango du. Ezin izango da musika Spotify bidez partekatu, baina bai, ordea, Apple Music bidez edota norberak bere gailuan gordeta dituen abestiekin.
5- Eguneraketak taldeetan
Batetik, talde publikoak iritsiko dira, Telegramen egin daitekeen era berean. Horrenbestez, erabiltzaileek euren interesekoak diren gaiei buruzko taldeetara harpidetu ahalko dira, haietatik informazioa jasotzeko asmoz.
6- Emotikono gehiago eta handiagoak
Konpainiak emotikonoak handitzeko erabakia hartu du, baita kopurua areagotzekoa ere.